Bidarteko Ilbaritz hondartzan (Lapurdi) 61 urteko gizonezko bat ur gainean hilik aurkitu zuten atzo larrialdi zerbitzuek. Mont de Marsango (Frantzia) bizilagun bat da hildakoa, eta baimendutako eremutik kanpo zebilen igerian.
Bigarren gizona herri bereko Uhabia hondartzan hil zen. 30 urte inguruko gizonezko da, eta hura ere igerian egiteko baimendutako eremutik kanpo aurkitu zuten hilda.
Larrialdi zerbitzuek jakinarazi dute atzo itsasoko urak lasai zeudela eta itsaslasterren indarraren eraginez gertatu zirela ezbehar biak.
Donostiako Kontxan hil den neskatilak 14 urte zituen. Gaztea lagunekin bainatzen ari zela desagertu zen; Ertzaintzako helikoptero bat, urpekariak, suhiltzaileak eta Gurutze Gorriko kideak aritu dira haren bila, eta bart gauean aurkitu dute gorpua.
Herrizaingo Sailak adierazi duenez, atzo arratsaldean gazte talde batek sorosle bati ohartarazi zion bere lagun taldeko kide bat falta zela. Gazteek azaldu ziotenez, Kontxako gabarroi bateraino joan ziren igerian, baina itzuleran taldeko bat ez zen iritsi itsasertzera. Soroslea gaztearen bila aritu zen, baina, aurkitzen ez zuenez, salbamendu taldea jarri zen martxan.
Gurutze Gorriko urpekariek 21:00 aldera aurkitu zuten gorpua. Neskatilak 14 urte zituen, eta Donostian bizi zen.