Istripu larria izan da gaur arratsaldean Baionan: bi gizonezko hil dira euren ibilgailua Aturri ibaira amildu eta gero. Hildako batek 44 urte zituen, eta besteak, 65. Istripua 17:30ean jazo da. Frantziako Poliziak ikerketa bat abiatu du istripua zerk eragin duen argitzeko, baina, lehen informazioen arabera, kamionetaren kontrola galdu du gidariak eta San Federiko zubiaren barandaren aurka jo ostean, Aturri ibaira amildu da ibilgailua.
Istripua izan eta berehala, barruan zeuden bi gizonak bilatzeko erreskate lanak abiatu dituzte suhiltzaileek eta poliziek. Operazio zabal bat martxan jarri dute bi pertsonak topatzeko. 19:00ak aldera topatu dute furgoneta, hamabi metrora hondoratuta, eta barruan aurkitu dituzte bi gizonen gorpuak.