Kirolak hartu du festa gaur une batez Bilbon. Bigarren urtez prestatu dute konpartsetako kideek 3x3ko saskibaloi txapelketa, eta bazterrean gelditu dira tarte batez txistulariak, bazkariak, tailerrak, jolasak, edariak, musikak, dantzak, bertsoak eta bestelako guztiak. Berezia izan baita, gainera, aurtengoa. Izan ere, Asier Garcia da aurtengo Aste Nagusiko pregoilaria, Bidaideak Bilbo BSR gurpil aulkiko taldeko kapitaina, alegia. Haren taldeko kideek ez dute aukera galdu, horregatik, eta froga egin nahi zuen ororentzako gurpil aulkiak eramanda, haiena izan da lehiaketako lehen norgehiagoka. BSR taldeko kideak, Jai batzorde mistoko kideen aurka. Lehia sanoan aritu direla esan dute, baina baita sano nekatuta bukatu ere. Konpartsetako kideen txanda heldu da gero.
Bihar ere egitarau oparoa izango du Aste Nagusiak eta, ospitaleraino eramango dute gainera jaiaren puska bat. Marijaiaren bisita jasoko dute Basurtuko Ospitalek umeek, eta zirku artistak ere joango zaizkie. Horrez gainera, gastronomia lehiaketan txipiroia tintan kozinatuko dute, eta musika eskaintzarik ere ez da faltako. 23:30ean elkarrekin eskainiko dute kontzertua, adibidez, Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Korrontzi taldeak Abandoibarran, eta horrez gain, Willis Drummond, Cobra eta Niña Coyote eta Chico Tornado izango dira Algara konpartsan eta Zezenaren taldea eta La Tarrancha taldeek eskainiko dute zuzenekoa Komantxeren txosnan. Horiek, besteak beste.