“Egun batzuen buruan” hasiko dira Bilboko tratamendu mekaniko-biologikoko plantatik Q sukarraren arrastoak garbitzeko lanak, Iosu Madariaga Bizkaiko Ingurumen diputatuak batzar nagusietan jakinarazi duenez. 700.000 euro inguruko aurrekontua izango du desinfekzioak. Bi hilabetez luzatuko da, eta tarte horretan, lan erregulazio txostenik ez egiteko eskatu dio aldundiak planta kudeatzen duen Arraiz aldi baterako enpresa elkarteari; egun horiek langileak trebatzeko probestea proposatu du. Halaber, aurrerantzean tranferentzia guneetako hondakinak TMB plantara ez eramatea ebatzi du diputazioak: Zabalgarbi errauste plantara bideratuko dituzte. Prebentzioa hobetuko eta protokoloak abiatuko dituztela ere iragarri du.
Martxotik plantako 131 beharginetik 34 egon dira gaixoaldian Q sukarraren ondorioz. Hildako abereetan agertutako coxiella burnetti bakterioak eragin zuen infekzioa, baina abereok nondik heldu ziren zehaztea zaila izango dela uste du Madariagak. Halaber, gogora ekarri du animaliak baimendutako hiltegietan baino ezin daitezkela hil: “Legez kanpoko eta kontrolik gabeko jarduera baten biktima izan gara. Ez dakit delitua den, baina bada osasun publiko eta laboralaren kontrako erasoa”.
Bilduk eta PSEk “ulertezin” jo dute halako infekzioetan nola jardun zehazteko protokolorik ez egotea, eta diputaziotik heldutako mezuen eta neurrien “deskoordinazioa” nabarmendu dute. Langileek egindako salaketak ere gogoan izan dituzte: informazio argirik ez zutela eduki, maska eta betaurreko nahikorik ez zizkietela eman, lanerako jantziak etxean garbitzen jarraitu zutela... Madariagak onartu du informazioa nahasia izan zela gaixotasuna antzeman zen astean, besteak beste, Osakidetzatik ez zelako diagnostiko zehatzik heldu: “Neurriak a posterioari hartzen joan ginen. Aurreikusi gabeko gauzak gertatzen direnean, ez dago beste erremediorik”.
Gizartea
Bi hilabete iraungo dute TMB planta desinfektatzeko lanek
Q sukarraren eta antzeko eritasunen aurrean jarduteko protokolorik ez egotea gaitzetsi dute Bilduk eta PSEk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu