Hondakinak

Bi hilabete Zubietako erraustegia martxan jartzeko

2020ko urtarrilaren 3a
11:10
Entzun

Martxoaren 3an jarriko dute erabat martxan Zubietako erraustegia. Abenduaren 16an egin zuen batzarrean hautatu zuen GHK-ko zuzendaritzak egun hori, Noaua aldizkariak gogoratu duenez. Bi hilabete geratzen dira, beraz. Azaroaren 28an probak egiten hasi ziren, eta aste hauetan nabarmena da tximinietatik ateratzen den kea.

Martxoaren 3rako, GHK-k funtzionamendu betean nahi ditu Zubieta gaineko azpiegitura guztiak. Aurreikusia zuten baino beranduago izango da, Noaua-k azaldu duenez. Izatez abendurako behar zuten lan betean. Azken bileran, ordea, lehen faseko lanak martxan jartzeko epea luzatzea onartu zuten EAJ eta PSE nagusi dituen kontsortzioko kideek.

Azaroaren 28an erre zituzten lehen hondakinak Zubietan, eta horrela abiatu zuten martxora arte iraungo duen probaldia. Martxoaren 3rako bete-betean funtzionatzea espero dute Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko kideek, eta, bitartean, zaborra Bizkaira eramango dute.

Martxotik aurrera, hainbat fase igaroko ditu zaborrak Zubietako azpiegituretan, erre aurretik: lehenengo, birziklatzeko modukoak diren hondakinak banatu egingo dituzte (plastikoak, papera, kartoia, burdin metalak eta burdinarik gabeko metalak) tratamendu mekaniko biologikoko plantan. Gainontzekoak lehortzen utziko dituzte, bio-lehortze gunean. Han, hamabost eta hogei egun artean egongo dira, ustel daitezen. Azkenik, erraustegira pasatuko dituzte, eta erre egingo dituzte han dauden bi labeetan.

Zubietako erraustegia urrirako nahi zuten martxan, baina lau hilabete atzeratu zaie prozesu guztia, transformadore nagusian izandako matxura larri baten ondorioz, eta, orain, agintariek martxoan jarri dute helmuga berria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.