Indarkeria matxista

Bi indarkeria matxista kasu salatu dituzte: bata, Hendaian; bestea, Bokalen

57 urteko aita batek bere alaba bortxatu izana aitortu du Hendaian; eta Bokalen, berriz, gizon batek bere neska lagun ohiaren autoa hiru alditan jo du.

Indarkeria matxista salatzeko elkarretaratze bat, Baionan. BOB EDME
Leire Casamajou Elkegarai.
2021eko abuztuaren 4a
11:34
Entzun

Hendaian eta Bokalen bi indarkeria matxista kasu salatu dituzte astelehen eta asteartearen artean. Izan ere, Hendaian (Lapurdi) 57 urteko aita batek bere alaba bortxatu izana aitortu du; eta Bokalen (Lapurdi) gizon batek bere neska lagun ohiaren autoa hiru alditan jo du, France Bleu-ren arabera.

Hendaian bizi den familia baten aita preso sartu dute adingabeko baten bortxaketaren ondorioz irekitako prozedura kriminalagatik. Gizonaren alabak sei urte zituen lehen intzestu erasoa gertatu zitzaiolarik, France Bleu-ren arabera. Gertakariak neska gazteak bere eskolako pertsona hurbilenei bizi izandako kontatu zielarik salatuak izan dira. Aitak gertakari horiek aitortu egin ditu, eta Baionako kartzelan preso sartu dute.

Bokalen, 25 urteko gizon bat gelditu dute bere neska lagun ohiaren autoa hiru aldiz jotzeagatik. Autoaren barnean, emazte horren hemezortzi hilabeteko haurra ere bazegoen. Joan den asteburuan jadanik, 23 urteko emazteak bere mutil lagun ohia salatu zuen jazarpen telefonikoa eta hiltzeko mehatxuak egiteagatik. Abuztuaren 2an, astelehen gauean, gizonak bere neska lagun ohia autoz segitu zuen Bokaleko herriko karriketan zehar, eta hiru alditan bortizki jo. Beharrik, ez ninia, ez emaztea ez ziren kolpatuak izan. Astearte gauean gizona atxilo aldian zen, eta emakumeak bere mutil lagun ohiaren kontrako salaketa pausatu du, bortizkeria armatua salatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.