San Ferminak

Bi lagun adarkatu dituzte zezenek azken entzierroan

Luzea izan da aurtengo Sanferminetako azken entzierroa: luzea, Torrestrella zezenetako bat erabat aztoratuta, Estafeta kalean atzera eta aurrera ibili delako, zezen-plazarako bidea aurkitiu ezinda. Arrisku une handiak izan dira, eta bi lagun eraman dituzte Iruñeko erietxeetara adarkadekin zaurituta. Erorikoak eta kolpeak dezente izan dira. Dena den, jende gutxik parte hartu du gaurko entzierroen, eta, horrek, erraztu egin du lasterraldia.

2003ko uztailaren 14a
15:10
Entzun
Lau minutu eta bederatzi segundo iraun du gaurko entzierroak. Asteburuan baino dezente jende gutxiago zegoen ibilidean, eta horrek erraztu egin du entzierroa. hala ere, arrisku une handiak izan dira, batik bat, Estafetan: zezen bat —zuri-pinto bat— taldetik banatuta eta galduta geratu da inguru horretan, eta atzera eta aurrera ibili da, alde batean eta bestean zeuden korrikalarien aurka oldartuz, zezen plazarako bidea ezin hartuta.

Bi lagun dira adarrez zauritutakoak: 30 urteko gizonezko valentziar bat ziztatu dute Mercaderesen, izterrean; Estafetan, berriz,27 urteko estatubatuar bat, ipurdian. Bigarren horri zauri handia egin dio zezenak: uzkia hautsi dio eta maskuriraino heldu zaio adarkada. Oso larri dago Nafarroako Ospitalean. Beste lau lagun ere eraman dituzte ospitaletara, baina kolpe eta traumatismoekin. Haien artean ere inork ez du zauri larririk.

Santo Domingon gora eta Udaletxe plazan bizkor eta garbi igaro da entzierroa. Mercaderesen, ordea, gauzak okertzen hasi dira:zezenetako batek korrikalarietako bat zanpatu du,eta adarra sartu dio.

Estafetako bihurgunean, zezenetako bat erori egin da, eta bi lagun harrapatu ditu azpian. Nolanahi ere, buruan hiru zezen zirela eta laugarren bat atzerago, igaro dira Estafetatik zezenak. Bostgarrena, ordea, atzeratuta eta erabat galduta geratu da. Aztoratu egin da, eta kontrako norabidea hartu du behin baino gehiagotan arrisku une handiak sortuz. Hain justu, korrikalarietako bat adarren artean harrapatu du zezen horrek Estafetan.

Lehendabiziko lau zezenak plaza barrura sartu eta gero, azken hori oraindik bidea topatu ezinean zebilen, eta arrisku handia sortu du Telefonican eta kallejoian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.