Bi lagun hil dira azken 24 orduetan Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian bertze bortz COVID-19 kasu atzeman dituzte PCR proben bidez: lau Araban, eta bat Nafarroan. ZIU unitateetan 37 pertsona ari dira artatzen, bezperan baino hiru gutxiago. 

Fisioterapeuta bat gaixo bat artatzen, Barakaldoko Gurutzetako ospitalean. ANDONI LUBAKI, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko ekainaren 2a
19:19
Entzun

Bezperako datuekin alderatuta, igo egin da azken 24 orduetan atzemandako positibo kopurua. Gainera, bi heriotza ere zenbatu ditu Eusko Jaurlaritzak. Horrez gain, 325 lagunek jarraitzen dute ospitalean Hegoaldean; horietatik 47k, zainketa intentsiboko unitateetan. Lau egun dira Nafarroan inor ez dela hil COVID-19a gaitzaren eraginez.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak bakarrik kontuan hartuta, PCR bidez koronabirus kasu gehiago atzeman dira bezperan baino. Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, ordea, garrantzia kendu dio positibo kopuruen igoerari, eta nabarmendu du «gaur egungo epidemia mailaren aldakortasunaren barruan daudela». 

Positiboen berri arratsean izan zutela kontatu du Murgak, eta Osakidetzako profesionalak gaixoekin izandako harremana ikertzen ari direla, koronabirusaren bertze fokurik ba ote dagoen ikertzeko. Hala ere, argi utzi nahi izan du kopurua txikia dela eta egungo egoeraren aldakortasunaren ondorio dela. 

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, koronabirusaren testean positibo eman dutenen %83,2k sendagiria jaso dute dagoeneko. Horietako 37k azken 24 ordutan hartu dute sendagiria. ZIU unitateetan daudenen zenbatekoa ere jaitsi egin da. Bezperan baino bi gaixo gutxiago daude ZIUetan: 27 denera. Nafarroan ere urritu egin da ZIU unitateetan daudenen kopurua; hamar pertsona daude egun, bezperan baino bat gutxiago. 

Joan den astean, koronabirusaz kutsatutako 45 lagun hil ziren Hegoaldean. 2.068 pertsona zendu dira ia hiru hilabetean; martxoaren 4an erregistratu zuten lehendabiziko hildakoa, Bizkaian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.