ERREPIDEA

Bi lagun hil dira Elgoibarren, aurkako bidetik zihoan auto batek jota

Ustez, Guardia Zibilaren kontrol batetik ihesi zihoan gidaria; 1.000 kilo haxix zeuden autoan

Erredakzioa
DONOSTIA
2005eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Bi pertsona hil ziren atzo A-8 errepidean, Elgoibar parean (Gipuzkoa), aurkako bidetik zihoan auto batekin talka eginda. Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen ordezkaritzak azaldu zuenez, ezbeharra 00:45ean gertatu zen; Guardia Zibilaren errepideko kontrol bati ihes egin nahian, aurkako bidetik zihoan auto bat. Guardia Zibilak berak eta Gipuzkoako ordezkaritzak atzo adierazi zutenez, droga trafikoarekin du zerikusia atzoko istripuak.

A-8 errepidean Guardia Zibilaren kontrola zegoela ikusita, istripua izandako autoa eta beste hiru ihesi joan ziren; hain justu, auto horietako bat, buelta erdia eman, eta Bilbo aldera abiatu zen, kontrako norabidean. Horren eraginez, Deba parean (Gipuzkoa), aurkako norabidean zihoan autoa saihestu nahian, 27 urteko auto gidari bat errepidetik atera, eta arin zauritu zen; Mendaroko ospitalera eraman behar izan zuten zauriak osatzeko.Elgoibar parean, ordea, A-8 errepideko 72,4. kilometroan, istripua larriagoa izan zen. Kontrako bidetik zihoan autoak beste bat aurrez aurre jo, eta norabide egokian zihoazen 33 urteko gizonezkoa eta 35 urteko emakumezkoa bertan hil ziren. Guardia Zibilak berehala atxilotu zuen ihesi zihoan autoko gidaria, marokoarra, baina ospitalera eraman behar izan zuten. Autoa miatzen hasi eta Guardia Zibilak 30 pakete haxix aurkitu zituen 1.000 kilo, denera.

Autobideko sarrerak itxi,eta beste lau atxiloketa

Guardia Zibilak, berehala, A-8 autobiderako sarrera guztiak itxi zituen. Betiere Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen ordezkaritzaren arabera, ihesi zihoazen beste hiru auto Renault Laguna, Peugeot 406 eta Citroen C-5 markakoak gelditu zituzten guardia zibilek, eta bertan zihoazen beste lau lagun atxilotu zituzten hiru marokoarrak, eta bat turkiarra; guztiak, ustez, Frantzian bizi ziren.

Azken hiru auto hauetan drogarik aurkitu ez bazuten ere, Guardia Zibilak jakinarazi zuenez, litekeena da guztiak droga trafikatzen zebilen talde bateko kideak izatea.

-

TUTERAN BEZALA



 

Otsailaren 12an eregazte bat hil zen, Tuteran





Atzoko gertakariarekin, jada, hiru lagun hil dira Euskal Herrian astebetean aurkako norabidean zihoan autoren batekin talka eginda edo autoa saihestu nahian. Otsailaren 12an, Tuteran (Nafarroa), N-232 errepidean, Logroñora (Errioxa, Espainia) bidean kontrako bidetik zihoan auto bat saihestu nahian, hiru auto atera ziren errepidetik, 22:45ean.

Ezbehar horren eraginez, hiru auto horietako bateko bidaiari bat hil egin zen 25 urteko Tuterako emakumezko bat, eta beste bi larri zauritu ziren 51 urteko Tuterako emakumezko bat, hildakoaren ama, eta 64 urteko gizonezko bat, Zaragozakoa.Hiru autok istripua izanagatik, kontrako norabidean zihoan autoak aurrera egin zuen ez zuen inongo kolperik jaso, eta Guardia Zibilak kilometro batzuk aurrerago atxilotu zuen autoko gidaria. Kontrako norabidean zihoan Tarazonako (Zaragoza, Espainia) 41 urteko gizonezkoari alkoholemia proba egin zioten, eta onartutakoa baino alkohol tasa handiagoa eman zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.