Bilboko istripua goizeko hamaikak eta hogei aldera gertatu da: argitzeke dauden arrazoiak tarteko Opel Astra batek eta Peugeot 306 batek elkar jo dute, parez pare, BI-631 errepidean, Santo Domingoko jaitsieran. Peugeot 306aren gidariak (bera bakarrik zihoan) oso zauri larriak egin ditu, eta istripua gertatu eta gutxira hil da. Beste autoan bi lagun zihoazen, eta zaurituta daude biak.
Oñatin, berriz, Mercedes etxeko auto bat bidetik atera da, eta ur biltegi bat jo du. Autoaren gidaria oso larri zaurituta eraman dute Arrasateko erietxera, eta han hil da. Istripuaren nondik norakoak ikertzen ari da Ertzaintza.
Goiz arazotsua
Nolanahi ere, gaur goiza oso arazotsua izan da errepideetan, eguraldi txarraren eta euriaren eraginez. A-8 autopistan izan da arazo gehien. Esate baterako, goizeko seiak aldera ibilgailu bat bidetik atera da Trapagaran (Bizkaia) parean, Kantabriarako noranzkoan. Ondorioz, auto ilara luzeak sortu dira eta luze iraun dute. Beranduago, beste auto batek izan du ezbeharra Malmasingo tuneletik urre, 500 bat metrora, Bilborako noranzkoan. Han ere, auto pilaketa handia sortu da. Ilara hori arintzeko tunela itxi behar izan dute epe batez. Urtuellan (Bizkaia) gertatu da beste istripu bat autopista berean, eta han ere pilaketak gertatu dira.
Errepide berean, baina Gipuzkoan, sei autok elkar jo dute, bata bestearen atzetik, Donostiako Aieteko tunelaren irteeran. Ilarak handiak izan dira han ere.
Beranduago, A-8an bertan, Zumaia (Gipuzkoa) parean hiru ibilgailuren arteko istripua izan da: besteak beste, kamio bat irauli egin da. Hain justu, kamioian zihoan lagun bat barruan harrapatuta geratu da, eta suhiltzaileen laguntza behar izan dute ateratzeko. Donostiako noranzkoan bideetako bat itxita dago.
A-8an ez ezik, beste errepide batzuetan ere izan dira arazoak. Adbidez, BI-635 errepidean Autzagane gainean ibilgailu bat errepidetik atera da.
Trafikoa
Bi lagun hil dira errepideetan
Bi auto gidari hil dira gaur Euskal Herriko errepideetan, Bilbon bat eta Oñatin (Gipuzkoa) bestea. Bilboko istripuan bi autok jo dute elkar, Santo Domingoko jaitsieran, eta autoetako bateko gidaria hil da, eta bestean zihoazen bi lagunak zauritu dira. Oñatin, berriz, bidetik atera da auto bat, eta gidaria hil da. Oro har, oso arazotsua izan da gaur goiza errepideetan, euriaren ondorioz istripu txiki asko gertatu baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu