Garikoitz Garcia Arrieta preso aretxabaletarra bisitatzetik bueltan zetozen bi lagunek istripua izan zuten, atzo arratsaldean. Picassenteko espetxean (Valentzia, Herrialde Katalanak) dago Garcia Arrieta, Euskal Herritk 540 kilometrora, eta handik etxera itzultzen ari zirela izan zuten ezbeharra presoaren bi lagunek.
Teruel (Aragoi, Espainia) atzean utzi ostean, Darocako irteeran, atzetik jo zuen auto batek bi lagunen ibilgailua. Euriaren ondorioz, atzeko gidariak autoaren kontrola galdu zuen, eta kolpearekin presoaren lagunen autoak bi bira eman ditu errepidean gelditu aurretik, Etxerat-ek ohar batean azaldu duenez. Bi lagunak onik irten dira istriputik.
Etxerat-ek salatu du atzoko istripua euskal presoen urruntzeak eragindako laugarrena izan dela aurten. "Euskal gizartearen gehiengoarekin batera, instituzio eta eragile sozial eta sindikalekin batera, urrunketa eta dispertsio politikaren behin-betiko amaiera exijitzen dugu. Orain da momentua, ezin dugu gehiago itxaron", adierazi du elkarteak.
Hori dela eta, elkarretaratzeak iragarri ditu Etxerat-ek gaurko eta datozen egunetarako. Gaur, Iruñerako deia egin dute. 20:00etan egingo dute elkarretaratzea, Merindades plazan. Bihar, Bilbon egingo dute elkarretaratzea, 19:30ean, Arriaga plazan. Etzi, berriz, Donostian eta Gasteizen elkartuko dira. Donostian, 19:00etan, udaletxe ondoan; Gasteizen, 20:00etan, Andra Mari Zuriaren plazan.