Lan istripua

Bi langilek istripu bat izan dute AHTaren Donostiako lanetan

Istripua larunbatean gertatu zen, Martuteneko Okendotegi zubia eraisteko lanetan. Bi lagun zauritu ziren, baina ez daude larri.

Zubiak behera egiten duen unea, sare sozialetan zabalduriko bideoan. BERRIA
Iñaki Agirre Perez.
2021eko maiatzaren 25a
16:02
Entzun

Sare sozialen bidez zabalduriko bideo batean argi ikus daiteke gertatutakoa. Larunbat gauean, AHT Abiadura Handiko Trena eraikitzeko asmoz Donostian egiten ari diren lanetan, bi langilek istripu nabarmen bat izan zuten, Martutene eta Astigarraga arteko Okendotegi zubia eraisten ari zirela, hark goitik behera egin baitzuen. Dirudienez, zaurituak ez daude larri, oraingoz gaiaren inguruko informazio ofizialik zabaldu ez den arren.

Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko legebiltzarkideak bere Twitter kontuan argitaratutako bideoak erakusten du bi langileak zubiko aldeetako batean zutik daudela, bi eraiste makina lanean ari diren bitartean. Une batetik bestera, zubiaren bi aldeak lotzen zituen azken zatia apurtu egiten da, eta bi muturrek behera egiten dute, langileak eroraraziz.

Istripua larunbatean gertatu bazen ere, lanen ardura duenak, ETS Euskal Trenbide Sareak, oraindik ez du gaiaren inguruko azalpenik eman, Ernesto Martinez de Cabredo zuzendaria atzo udaletxean egon zen arren, metroaren obretako jarraipenerako batzordean. Halaber, tokiko gobernu batzordearen osteko gaurko agerraldian, Eneko Goia alkateak adierazi du ez duela gaiaren inguruko berririk izan.

Horiek horrela, Fernandez de Betoñok aditzera eman duenez, EH Bilduk istripuaren eta lanen inguruko xehetasunak ezagutzeko galdera batzuk egin dizkio Legebiltzarrean Iñaki Arriola Garraio sailburuari.

«Obretako gorabeherak ezkutatzeko erabakia» salatu du EH Bilduk

Metroaren lanetan agerturiko azken zuloarekin bezala, honako honetan ere «obretako gorabehera guztiak nahita ezkutatzeko erabakia» hartu izana leporatu dio Donostiako EH BildukETSri, ohar baten bidez: «Astelehenean Ernesto Martinez de Cabredo ETSko zuzendari nagusia udaletxean egon zen, metroko lanen jarraipenari buruzko informazioa ematen, eta ez zuen istripu honen berri eman». 

Alde horretatik, ETSren eta Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailaren gobernantza eredua «onartezina» dela gaineratu du alderdiak, eta zalantzan jarri du ETSren kudeatzaileen «gaitasun operatiboa». Gainera, jakinarazi du larunbateko istripuko bi langileak Construcciones Mariezcurrena enpresakoak direla, eta azpimarratu enpresa hori inplikatua egon zela metroaren Mirakontxa-Easo tartearen «kudeaketa txarrean» ere.

Construcciones Mariezcurrena, hain zuzen, lan horren lehen esleipena jaso zuten ABEE aldi baterako enpresa elkarteko enpresetako bat zen, baina haiek hasitako lanak irailean eten behar izan ziren, obran agerturiko bi zuloren ondorioz proiektua birdiseinatu eta berriro esleitu behar izan zutelako. Horren harira, EH Bilduk gogor jo du bi obra publikoen arduradunen aurka: «Orain, enpresa bera agertu da AHTaren obretan, eta beste istripu bat izan du, berriz ere. Ez da ulertzen zergatik administrazio publikoak ez duen egiten kontrol estuagorik obra publiko handietan. Ondorioak begi bistakoak dira».

Era berean, Goiaren azalpenik ezari erantzunez, EH Bilduk adierazi du hirian egiten ari diren lan publikoetako langileen osasunak ez duela alkatearen arreta publikorik merezi, eta jakinarazi du premiazko interpelazio bat erregistratuko duela datorren osteguneko osoko bilkuran, alkateak «donostiarrei behar diren azalpen guztiak» eman diezazkien.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.