Atzo eguerdian bi lehergailu zartarazi zituen ETAk Alacanteko (Herrialde Katalanak) bi hiritako hotel banatan. Leherketak Alacant hiriburuan eta Benidormen izan ziren, leku turistikoak biak. Alacanteko Bahia hotelean gertatu zen lehenengo leherketa, 12:00ak pasatxo zirela; bigarren leherketa, 12:15ak jota gertatu zen, Benidormeko Nadal hotelean. Atentatuek hamar lagun zauritu zituzten, Alacanten sei zauritu izan ziren eta beste lau poliziak guztiak Benidormen; eta kalte material larriak ere eragin zituzten.
Leherketa baino lehen, bi abisu eman zituen erakunde armatuak. Gara-k 11:00etan jaso zuen deia, ETAren izenean deitzen zuela esan eta bi lehergailuen berri eman zuen, leherketa 12:30ean izango zela adierazita. 11:15ean Denia herriko Levante de Alacant egunkariak bigarren dei bat jaso zuen. Hotelen izenak berberak ziren, baina leherketak 12:00etan gertatuko zirela adierazi zuen deia egin zuenak. Egunkariko arduradunek jakinarazi zutenez, «gizonezko bat zen, gaztelaniaz mintzo zen eta ez zuen inongo doinurik. Politika saileko arduradunarekin hitz egin nahi zuela adierazi zuen».
Lehen abisua jasotzearekin batera itxi zuten Espainiako Poliziak, lekuan-lekuko udaltzainek eta suhiltzaileek bi hotelen ingurunea, eta bertan zeuden bisitariak ateratzeari eta inguruko herritarrak urruntzeari ekin zioten. Hotelak bi hiri turistiko horien erdi-erdian daude, hondartzatik oso hurbil, eta jende asko pasatzen da bertatik.
Hala ere, zaurituak izan ziren. Alacanteko Bahia Hoteleko leherketak aldameneko eraikinean dagoen atzerritarrentzako hizkuntza akademia batean eskolak hartzen ari ziren sei lagun zauritu zituen, horietako bi larri. Izan ere, Bahia Hotela Alacanteko El Postiguet hondartza aurrean dago, eta hotela eta hondartza bai hustuarazi zituzten; baina, hotelak zazpi solairutako eraikin bateko lehenengo bi solairuak baino ez ditu hartzen, eta eraikineko azken solairuak ez zituzten hustu, ez eta aldameneko eraikinak ere. Hala, aipatutako sei zaurituez gain, hotelaren azken solairuetan zeuden bizilagun batzuk harrapatuta gelditu ziren euren etxeetan, zauririk pairatu ez zuten arren.
Leherketa aurretik egin ez zutena, ondoren egin zuten. Izan ere, eraikin osoa hustu zuten, eta baita aldameneko eraikina ere. Leherketak eraikinaren egiturari egin zion kalte, eta Luis Diaz Alperi Alacanteko alkateak adierazi zuenez, «arriskua dago hotelaren eraikina erortzeko eta, horren eraginez, aldamenekoa ere behera joateko».>
Zauritu bat koman eta beste bat larri
Hizkuntza eskolako sei zaurituak Alacanteko Ospitale Nagusira eraman zituzten. 30 urteko gizon holandar bat «oso larri» eraman zuten «traumatismo kraneoenzefalikoarekin, eta ezkerreko tenporalaren parean haustura bat zuela»; atzo arratsean koman zegoen eta ebakuntza egiteko zain ziren. Beste zauritu larriari, 24 urteko mutil alemaniarrari, ebakuntza egin zioten aurpegian, «arriskutik kanpo» zegoela jakinarazi zuten arren. Beste lauak Suediako bi neska, mutil ingeles bat eta Alacanteko irakaslea arin zauritu ziren, eta atzo arratsaldean jaso zuten sendagiria.
Alacanteko leherketa gertatu baino hamar minutu beranduago, eta 44 kilometrotara zartatu zen bigarren lehergailua Benidormen. Kasu horretan Espainiako lau polizia zauritu zituen eztandak. Poliziak hotelaren barruan zeuden, bisitari gehienak 8. eta 9. solairuan jendea baitzegoen kanpora atera ostean, ingurua miatzen. Zauri arinak izan zituzten, eta arratsaldeko lehen ordurako sendagiria jaso zuten Vila Joiosako ospitalean.
Benidormeko Nadal hotela hiri horretako bi hondartzen artean aurkitzen da, Levante hondartzako itsas paseoaren amaieran. Hondartzako lehen lerroan bertan dago, eta leherketak bertako jendea asaldatu zuen, herritarrik zauritu ez bazuen ere. >
Bi egun lehenago alokatutako gelak
Alacanten zartarazitako lehergailua hotelaren lehen solairuan jarri zutela jakinarazi zuen Espainiako Gobernuak Alacanten duen Ordezkaritzaordeak, hain zuzen ere, hoteleko 106. gelan. Egun batzuk lehenago gela barruan utzitako maleta berde batean omen zegoen lehergailua.
Polizia iturriek berri agentziei esandakoaren arabera, lehergailua jarri zuen etakideak herenegun alokatu zuen gela hori. 20 urte inguruko gazte bat zela dio Poliziak, maleta bat zeramala eta bi gauetarako alokatu zuela gela. Gaztea, baina, ez zen lo egitera itzuli. Iturri polizialen arabera, maleta gelan utzi eta lehergailua gaur eguerdian zartatzeko prestatu zuen.
Benidormeko Nadal hoteleko lehergailua ere lehen solairuan jarri zuten, poltsa batean sartuta eta eraikinari eusten dion habe nagusiaren aldamenean. Hoteleko jabearen aitak atzo jakinarazi zuenez, bonba jarri zuenak igandean alokatu zuen gela. Beraz, bi eguneko aurrerapenarekin prestatu zuen lehergailua atzo eguerdian zartarazteko.
Benidormeko Nadal hotelak kalte material handiak pairatu zituen. Lehenengo solairuak guztiz txikituta daude, eta Benidormeko alkate Vicente Perez Devesak esan zuenez, «eskerrak» hotela iragan urtean konpondu eta egitura indartu zutela, «bestela, eraikina bertan behera eroriko zelako, eta kalteak eta arriskua askoz ere handiagoak izango liratekeelako». >
Atentatuak «interes turistikoen aurka»
Atzoko atentatuekin ETAk bere ohiko «udako kanpaina» hasi duela dirudi. Erakunde armatuak 1979an, EAEko Estatutua negoziatzen ari zirela, egin zituen lehen atentatuak interes turistikoen kontra. Ordutik, ETAk hainbatetan sartu ditu interes turistikoak jomuga nagusien artean. Azken atentatua iazko abuztuaren 9an gertatu zen Torrevellan, eta lau egun lehenago ETAk bi lagun hil zituen Santa Polan. 2001eko uztailean Olaia Castresana gaztea hil zen Torrevellan, lehergailu bat prestatzen ari zela, eskuetan lehertuta.
Bi lehergailu zartarazi ditu ETAk Benidormen eta Alacanten
Bi hoteletan jarri zituen lehergailuak, eta aurretik abisatuta lehertarazi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu