Pirinioetako Aspe mendian (Huesca, Espainia) harkaitz artean harrapatuta gelditu dira bi mendizaleak, Saguzarren Arista deitzen den inguruan. Erreskate zerbitzuek atzo jaso zuten abisua, 20:00ak aldera, eta 3:00etan lortu dute mendizaleak zeuden lekura iristea. Hala ere, mendizaleek bertan pasa behar izan dute gaua, egunak argitu arte ezin izan baitituzte erreskatatu.
Candanchuko eski geltokiko langileen laguntza izan du erreskate taldeak Aspeko gainera azkarrago iritsi ahal izateko. Langileek elurra zapaltzeko makinarekin eraman dute taldea geltokiaren goiko eremura, eta handik oinez abiatu dira gailurrerantz.
700 metroko desnibela igo behar izan dute zero azpiko tenperaturekin, eta Saguzarren Arista kontrako aldetik zeharkatu dute mendizaleak zeuden lekura heltzeko, izoztutako inguruetan barrena. Saiakera bat baino gehiago egin dituzte kanal batean behera mendizaleak non zeuden ikusi nahian, eta goizeko 3:00ak aldera lortu dute haien kokapen zehatza argitzea.
Mendizaleek erreskate taldekoei adierazi diete, hotzak zeuden arren, ongi zeudela, eta, beraz, eguna argitu arte itxarotea erabaki dute harkaitz artetik ateratzeko.
Goizeko 6:30ak aldera, helikopteroz atera dituzte.