Bi mendizale nafarrak bilatzeko lanak eten dituzte, elur-jausi arriskuagatik

Salbamendu taldeek oinatzak topatu dituzte Laskungo zirkuan, eta desagerturikoenak izan daitezkeela uste dute

Naiara Elola.
Iruñea
2010eko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Armando Nieto Lakuntza eta Alfonso Gonzalez Rey, 47 eta 48 urteko mendizale iruindarrak, iragan igandetik falta dira. Haiek bilatzeko salbamendu lanak eten egin zituzten atzo, bazkalostean, Laskungo zirkuaren inguruan(Biarno, Frantzia) elur-jausiakizateko dagoen arriskuagatik. Leku horretatik gertu aurkitu dute Nietok eta Gonzalezek mendira gerturatzeko erabilitako autoa. Halaber, erreskate zerbitzuek jakinarazi dutenez, atzo goizean Laskungo zirkuan elur-jausi batean arrastoak aurkitu zituzten; eremu horretan 80 metroko elur pila dago metatua, eta gizaki oinen hainbat marka ageri dira. Mendizaleak elur pila horren azpian egon daitezkeen susmoa dute, eta elur-jausia zakurrekin arakatu zuten.

Bilatze lanetan hogei lagun inguru dabiltza; hamabost jendarmeak eta Frantziako Mendi Salbamenduko Suhiltzaile Taldeko kideak dira. Horiez gain, Nieto eta Gonzalezen arrastoak aurkitzen laguntzen helikoptero bat dabil, baita hiru zakur eta boluntario talde bat ere. Azken talde hori, desagertutako bi gizonezkoen adiskideek eta hainbat mendi adituk osatzen dute, Mikel Zabalza mendizalea tartean.

Lau egun berririk gabe

Igandean, bi adiskideak Hiru Erregeen Mahaia mendi aldera joateko asmoz abiatu ziren Pirinioetara. Familiak jakinarazi duenez, mendi buelta «erraz» bat egin nahi zutela adierazi zieten, egun berean Iruñera itzultzeko ideia zutelako. Zehatz-mehatz ezin den arren ziurtatu, autoa aurkitu zen tokia kontuan hartuta, Petit Bilhare edota Auñamendi mendira igotzekoak zirela pentsa daitekeela diote Larrialdi Zerbitzuek. Bi aukera horiek kontuan hartuta hasi dira Laskungo zirkuan bilatzen.

Desagertuta dauden bi iruindarren senitartekoek jakinarazi dutenez, bi adiskideak oso mendizaleak dira. Azken hamar urteetan Nafarroako Mendi Federazioko kide izan dira, baina aurten ez dute euren lizentzia berritu. Mendiaz gain, bizikleta eta atletismoaere gustuko dituztela adierazi dute senideek.

Goizean goiz abiatu ziren Iruñetik bi adiskideak mendi buelta egiteko asmoz. Etxera itzuli ez zirela ikusi eta senideek Nafarroako Larrialdi Zerbitzuetara deitu zuten. Carlos Nieto desagertutako mendizaleetako baten anaiak jakinarazi du «gero eta ezkorrago» daudela. «Bila ibiltzeko, gainera, eguraldia ez da ona». Gaur lau egun izango dira Nieto eta Gonzalezen desagertu zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.