Armando Nieto Lakuntza eta Alfonso Gonzalez Rey, 47 eta 48 urteko mendizale iruindarrak, iragan igandetik falta dira. Haiek bilatzeko salbamendu lanak eten egin dituzte gaur, bazkalostean, eta ez dute zehaztu berriz noiz ekingo dieten ere. Tenperaturak gora egin du, eta elur-jausi arriskua handia da. Gainera, iragarpenek diote eguraldiak okerrera egingo duela, eta haizete gogorrek handitu egiten dute arriskua. Hartara, oraingoz lanak uztea erabaki dute erreskate taldeek.
Laskungo zirkuan aritu dira orain arte bi mendizaleen bila. Aipatutako lekutik gertu aurkitu zuten herenegun Nietok eta Gonzalezek mendira gerturatzeko erabilitako autoa. Halaber, erreskate zerbitzuek jakinarazi dutenez, atzo goizean Laskungo zirkuan elur-jausi batean arrastoak aurkitu zituzten; eremu horretan 80 metroko elur pila dago metatua, eta gizaki oinen hainbat marka ageri dira. Mendizaleak elur pila horren azpian egon daitezkeen susmoa dute, eta elur-jausia zakurrekin arakatu zuten.
Bilatze lanetan hogei lagun inguru aritu dira; hamabost jendarmeak eta Frantziako Mendi Salbamenduko Suhiltzaile Taldeko kideak dira. Horiez gain, Nieto eta Gonzalezen arrastoak aurkitzen laguntzen helikoptero bat ibili da, baita hiru zakur eta boluntario talde bat ere. Azken talde hori desagertutako bi gizonezkoen adiskideek eta hainbat mendi adituk osatzen dute, Mikel Zabalza mendizalea tartean.
Lau egun berririk gabe
Igandean, bi adiskideak Hiru Erregeen Mahaia mendi aldera joateko asmoz abiatu ziren Pirinioetara. Familiak jakinarazi duenez, mendi buelta «erraz» bat egin nahi zutela adierazi zieten, egun berean Iruñera itzultzeko ideia zutelako. Zehatz-mehatz ezin den arren ziurtatu, autoa aurkitu zen tokia kontuan hartuta, Petit Bilhare edota Auñamendi mendira igotzekoak zirela pentsa daitekeela diote Larrialdi Zerbitzuek. Bi aukera horiek kontuan hartuta hasi dira Laskungo zirkuan bilatzen.
Desagertuta dauden bi iruindarren senitartekoek jakinarazi dutenez, bi adiskideak oso mendizaleak dira. Azken hamar urteetan Nafarroako Mendi Federazioko kide izan dira, baina aurten ez dute euren lizentzia berritu. Mendiaz gain, bizikleta eta atletismoa ere gustuko dituztela adierazi dute senideek.
Goizean goiz abiatu ziren Iruñetik bi adiskideak mendi buelta egiteko asmoz. Etxera itzuli ez zirela ikusi eta senideek Nafarroako Larrialdi Zerbitzuetara deitu zuten. Carlos Nieto desagertutako mendizaleetako baten anaiak jakinarazi du «gero eta ezkorrago» daudela. «Bila ibiltzeko, gainera, eguraldia ez da ona». Gaur lau egun izango dira Nieto eta Gonzalezen desagertu zirela.
Mendia
Bi mendizaleen bilaketa bertan behera utzi dute, berriz noiz ekingo dioten ere zehaztu gabe
Eguraldiak okerrera egingo dutela diote iragarpenek, eta elur-jausi arriskua handia da. Laskungo zirkuan aritu dira bila, eta atzo elur-jausi bat aurkitu zuten inguruan. Giza oinatzak topatu dituzte, eta hipotesi nagusia da Alfonso Gonzalez Rey eta Armando Nieto Lakuntza elur pilaren azpian daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu