Ikaragarria izan da. Segundo gutxiren buruan mendia gainera etorri zaigu. Bi metro aurrerago egon banintz azpian nengokeen orain». Joaquin Carrasco kamioilaria, gertatutakoa ezin sinetsita zegoen atzo, harritzarren artean utzi zuen kamioiari begirik kendu barik. Ez zuten 10:00ak jo oraindik, baina ordurako mila azalpen emanak zizkien ezbeharraren lekura bildutako kazetariei. Lasai zegoen itxuraz, umorez, eta kazetari asko baino osoago begiratu batean. «Beldurtuta nagoen? Ez, ez. Beldurtzeko astirik ere ez dut izan, dena bat-batean izan da-eta. Lasai nago, etxekoek badakitelako ondo nagoela. Telebistaz ikusi nau amak, hemengo lagun asko konturatu aurretik». Kataluniarra da jaiotzez Carrasco eta han bizi da haren ama.
Arrasatera (Gipuzkoa) zihoan Carrasco atzo, luperiak bete-betean harrapatu zuenean. Eguna argitu gabe zegoen oraindik, eta Itziarko (Deba, Gipuzkoa) geldiuneko tabernan gosaltzeko asmoa zuen, baina luperiak bidea itxi zion. Harriak jausten ari zirela ikusi, eta kamioia gelditzea lortu zuen, «justu-justu». Atzera egiten ere saiatu zen, baina segundo gutxiko tartean, tonaka harri jausi zitzaizkion kamioi gainera. «Danbateko ederrak entzun ditut, eta ni hantxe, barruan, azkeneko harria jausi arte. Kabinaren sabaiak ere ez zion asko eutsiko, baina beti da kolpea buruan jasotzea baino hobea, buru gogorra izanda ere», zioen broma artean. Umorea bazuen, eta gosea ere handia, hamaiketakoaren ordua pasata egonda ere, gosaldu gabe zegoelako artean. «Emazteak atzo erositako sagar tarta daukat kamioian, eta gustura jango nuke oraintxe!».Ez zuen harramazka txiki bat ere Carraskok, baina jakin bazekien onetik libratu zela. «Bi metro atzerago gertatu balitz, orain ez nengokeen hemen», errepikatzen zuen behin eta berriz. Carrascoren kamioia aurreratu zuten bi autoak txiki eginda zeuden; bietako batek, Opel Vectra zuri batek, errepideko erdibitzailea ere gainditu zuen, eta gurpilez gora zegoen, haitzek azpian harrapatuta. «Luizi handi bat ikusi dut, eta zarata handi bat entzun dut. Ez dakit autoak buelta erdia bakarrik eman duen edo buelta eta erdi. Luiziak beste alderaino, beste norabideraino eraman nau», zioen gidariak, Iñigo Larrañagak. «Kostata, segurtasun uhala kendu eta leihotik irteten saiatu naiz, baina beste gidari batek lagundu behar izan dit».Sinesgaitza izan arren, ebaki txiki batzuk baino ez zituen eskuetan. Gorka Larrañaga beste kamioi gidaria ere onetik libratu zen. Bergarara (Gipuzkoa) zihoan txatarra eramatera, eta halako batean, harriak jausten zirela konturatu zen. «Bolanteari gogor heldu, eta harrien gainetik pasatu gara. Sekulako jauzia egin du kamioiak. Kamioia puskatu egin da behetik eta bertan gelditu gara». Larrañagaren kamioia eta Vito furgoneta urdin bat izan ziren lehenengo luperia pasatzea lortu zutenak. «Gaitza da sinesten, baina bizirik gaude, hori bai, hotzak hilda batzuk», errepikatzen zien behin eta berriz Carrascok iritsi berri ziren zenbait kazetariri. Autoko termometroak 1,5 gradu markatzen zituen, eta bide ertzeko eta inguruko belardiak zuri-zuri zeuden artean. Iruntza handia zen, eta Bilbotik Donostiarako norabideko errepideak euria egin ostean izaten duen dirdira zuen, nahiz oskarbi egon. «Ikaragarria izan da, baina zorionez ez da ezer gertatu. Hotzak gogortuta nago, baina ondo». Kontrako norabidean harrapatu zuen luperiak Igor Larrañaga azkoitiarra, Donostiarako norabidean. Kea ikusi zuen lehenengo, eta mementoan, kontrako norabidean zihoan txatarraz betetako kamioiak su hartu zuela iruditu zitzaion. Metro batzuk aurrerago harriak jausten zirela jabetu zen, eta larritu zen, kontrako norabideko auto bat, Opel Vectra zuria, bueltaka ikusi zuenean. Metro batzuk aurrerago autoa gelditu, eta larrialdi zerbitzuei deitu zien. «Segituan etorri dira, ertzainak eta gainerakoak». Bera izan zen autoan harrapatuta gelditu ziren bidaiariei lagundu zien lagunetako bat. Berak ez zuen minik hartu, baina autoak apurtua zuen azpiko aldea.Trankil zegoen itxuraz, gertatutakoa sinetsi ezinda. «Bigarren luiziak bete-betean harrapatu gaitu, baina ikaragarrizko zortea izan dugu». Zortea. «Larrañagatarren eguna da», zioen. Izan ere, atzoko ezbeharrean kaltetutako bost ibilgailuetako lau lagunek Larrañaga dute abizena. Igor Larrañagaren atzetik zihoan Nestor Arana Bidegiko zuzendaria, Donostiarantz. Larrañagaren antzera autoren batek su hartu zuela pentsatu zuen Aranak ere, harik eta harritzarrekin topo egin zuen arte. «Ilun zegoen oraindik eta ke laino handi bat ikusi dut, besterik ez. Pozik egotekoa da beste ezer larriagorik gertatu ez denean». Ordurako, ertzainek hartuak zituzten lekukotza guztiak, eta Elorrioko (Bizkaia) salbamendu taldekoak lanean ari baziren ere, ez zuten uste luperiak beste inor harrapatu zuenik azpian. Joaquin Carrascok seguru berba egiten zuen. «Nire norabidean zenbat auto zihoazen badakit, eta bistan daude guztiak».
«Bi metro atzerago, eta ez nengokeen hemen»
TESTIGANTZAK. Gertatutakoa ezin sinetsita zeuden atzoko ezbeharrak bete-betean harrapatu zituen gidariak, baina pozik, minik ez zutela hartu-eta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu