Amaitu da Euskal Herriko Laborantza Ganberaren aurkako epaiketa Arratsaldeko ordubietan hasita aritu dira egiten epaiketa gaur, Pauen, eta Berhokoirigoinen zen lekukoen azalpenak entzun ondoren prokuradoreak egin zezakeena baino nabarmen eskaeri txikiagoa egin du: 2.000 euroko isuna jartzea galdegin du presidentearentzat. Aukera zuen 15.000 euroko zigorra eta urtebeteko espetxealdia eskatzeko.
Paueko Laborantza Ganberaren izena usurpatu izana leporatu dio prokuradoreak Euskal Herriko Laborantza Ganberari, eta, horrenbestez, isunaz gain izen hori debekatzeko galdegin du.Auzitegiaren erabakia maiatzaren 6an izango dela jakinarazi dute.
Eguerdiko ordubata eta erdiak aldera sartu da Mixel Berhokoirigoin EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganberako presidentea Paueko Auzitegira, ehun bat lagunek babestuta. Beste 700 bat kanpoan geratu dira, elkartasuna adierazten eta epaitegi barruko albisteen zain. Izan ere, 800 inguru dira Lanborantza Ganberari eta Berhokoiriogini elkartasuna adieraztera Pauen batutakoak. Esan bezala, ehun bat lagun sartu dira Auzitegira, eta gainerakoak Merkatu Biologikoan daude bilduta, festa eta protesta giroan.
Ordubietan hasi da epaiketa, eta epaileak auzia zertan den agertu du. Prokuradoreak hartu du hitza ondoren, eta Laborantza Ganberaren egitekoei buruzko galdera ugari pausatu dizkio. EHLGren nahia Paueko Laborantza Ganbera ofiziala ordezkatzea ez ote den galdetu dion behin eta berriro, horixe baita prokuradoreak frogatu nahi duena, erakunde ofizialaren funtzioak ordezkatzea delitu dela iritzita. Hori dela eta, erakundearen izenaren inguruan itzuli asko egin dituzte.
Prokuradorearen txanda amaituta, defentsaren lekukoek deklaratu dute. Frantxua Maitia Ipar Euskal Herriko PSko buruzagia izan da horietako bat, eta Laborantza Ganberaren lana loriatzeaz gain, Berhokoirigoin Mandelarekin parekatu du eta noizbait hari buruzko pastoral bat idatziko dela esan du.
Kanpoan, berriz, festa eta protesta giroa dira nagusi. Han dira, besteak beste, AB, Batasuna, PS, Berdeak eta Aralarreko ordezkariak, ELB, LAB, ELA, EHNE eta CGT sindikatuetakoak zein Bizi! eta CADE elkarteetakoak. Izan ere, elkartasun olde handia bildu du hasieratik Laborantza Ganberaren aferak. Gaur bertan jakin da Martine Aubrey PSko idazkari nagusiak babesa adierazi diela Laborantza Ganberari eta Berhokoirigoini.
Gaurko epaiketa prokuradoreak aurkeztutako dei auziaren ondorio da. Izan ere, Baionako Auzitegian epaitu zuten Berhokoirigoin gai beragatik, eta errugabetu egin zuten. Prokuradorea ados ez, eta helegitea aurkeztu zuen. Horren ondorioz iritsi da gaurko epaiketa. Hasieran, Baionako eskaera berak egiten zituen prokuradoreak: 15.000 euroko isuna, urtebeteko espetxea eta Laborantza Ganbera desegitea. Arestian esan bezala, eskaerak apaldu egin ditu epaiketaren harian.
Gaurko epaiketarako giroa prestatzeko herenegun Pauera bisita egin zuten EHLGko kideek, hango herritarrei auziaren atzean dagoen azaltzeko. Halaber, gaurko protesta eta elkartasun ekitaldietan parte hartzeran gonbidatu zituzten. Bide batez, EHLG lan egiten uztea eta bere aurkako jazarpena behingoan deuseztatzea berretsi zuten. Elkarteak jorratzen duen alorra «gizarte apustu bat da» azpimarratu zuen Berhokoirigoinek. Euskal Herrian lan egiten badute ere, «ez gara gure eremu soilari mugatuak. Gure mundua ez da Euskal Herrian gelditzen. Beste lurraldeekiko lankidetza eta harremanen alde gaude».
Biarnoko Confederation Paysanne sindikatuko Michel Erbin bozeramaileak bere sostengua ekarri zion, justuki atzoko hitzordura hurbilduz: «EHLGk dakarren laborantza proiektuarekin bat egiten dugulako, garrantzitsua da beren ondoan izatea». Funtsean, EHLGrekin lan egin dute: «Herri laborantza eta laborantza iraunkor baten beharrei hobekien erantzuten dielako».
Paueko Ganberak gutun bat
Baionakoari konparatuz, akusazio partikular edo parte zibilik ez da izanen. Baionako auzian, Paueko Laborantza Ganbera akusazioaren parte bazen, aldi honetan Berhokoirigoin izanen da akusatuen jarlekuan, eta, akusatzaileetan, Paueko dei auzitegiko prokuradorea. Jean Mixel Anxolabehere Paueko Laborantza Ganberako lehendakariak honela esplikatu du zergatik ez duten dei auzian parte hartuko: «Ez dugulako, ez denborarik, ez dirurik xahutzeko gauza horretan. Oroituz gaurko egunean laborantza munduak behar lukeela elkarretaratu barreiatu baino hobekiago». Atea beti irekia atxikitzen dutela berretsi zuen. Berriz elkarrekin lanean hasteko asmoz, gutun bat bidali dio ELB sindikatuko Christian Harluxet ordezkariari.
Lehen auzian parte zibil gisan aurkeztu baziren, bereziki izenaren defenditzeko izan zela gaineratu zuen lehendakariak. Geroztik, ordea, gauzak argitu dira nonbait, betiere Anxolabehereren hitzetan: «Iduriz, ez dute pretentsiorik laborantza ganbera baten lan bati buruz. Eta, handik at, ez da gehiago gure afera. Elkarte batek bere lana egiten du, eta guk gure lana segituko dugu».
Laborantza Ganberaren auzia
Bi mila euroko isunera apaldu du prokuradoreak Berhokoirigoinen aurkako zigor eskaera
Amaitu da auzi saioa. Prokuradoreak Paueko Laborantza Ganberaren izena usurpatu izana leporatu dio Euskal Herriko Laborantza Ganberari, eta izena aldatzeko eskatu dio auzitegiari. Babes handia jaso dute Berhokoirigoinek eta hark ordezkatzen duen erakundeak epaiketan, Pauen. Auzitegiak maiatzaren 6an emango du erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu