BAK Bakearen Aldeko Koordinakundeak gaur arratsaldean egin du bere azkeneko manifestazioa, Bilbon, eta bi mila lagun inguru bildu ditu. Han izan dira, besteak beste, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Izaskun Bilbao EAJko europarlamentarioa.
ETAk jarduera armatua utzi izanak "egoera berria" sortu duela deritzo BAK-ek eta, ondorioz, bere egitekoa bukatu dela. "Dagoeneko herritarren mobilizazioa ez da beharrezkoa". Gogoratu dute egungo egoera amestu zutela BAK sortu zutenean. Indarkeriaren biktimen omenez minutu bateko isilunea egin du martxaren bukaeran.
ETAren borroka armatuaren bukaera ospatu dute, Lortu dugu. Etorkizuna geurea da. Bada garaia bakean bizitzeko lelopean. "Etorkizunak indarkeriarik gabekoa izan behar duela berretsi nahi dugu". "Etorkizun aske, justu eta baketsua" aldarrikatu du; "gurea da geroa".
Azken asteetan ezker abertzaleari "aniztasuna onartzeko pausoak" emateko galdegin dio BAKek. Euskal presoak Euskal Herriko kartzeletara hurbiltzeko ere eskatu du, eta gaixorik dauden presoak askatzeko eta "bergizarteratze indibidualak" emateko ere bai.
Bakearen Aldeko Koordinakundea 1988an hasi zen urte hasierako manifestazioa antolatzen, eta urtero egin du.