Analisia

Bi milioi euro gehiago

inaki petxarroman
2011ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Gipuzkoan hiri hondakinen kudeaketaz arduratu direnek legealdia hasi zuten moduan bukatuko dute: aurrerako ihesean. Zubietako errauste plantaren oinarrizko proiektua onartu dute, ezohiko bilkuran, karguak utzi baino astebete lehenago. Ondorioa zuzena izango da: lanak geratzen badira, erakunde publikoek bi milioi euro ordaindu beharko dizkiete enpresei.

Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoa kudeatu duten agintariek (PSE-EE, EAJ eta H1) legealdi osoa pasatu dute hau esaten: adostasun politiko handia dagoela errauste plantaren inguruan. Errealitateari muzin eginez, ordea. Izan ere, indar handia duen alderdi bat erakunde askotatik kanpo zegoen, Madrilek ezarritako legez kanporatzeen ondorioz. Bestetik, ez zioten men egin gizartean proiektu horren aurka dagoen jarrera zabalari. Horren isla da iaz jendaurrean aurkeztu zen Usurbilgo Ituna, zeinean, besteak beste, alderdi politiko eta gizarte eragile asko ez ezik, gehiengo sindikala ere badago.

Bi arrazoi horiei —eta beste batzuei— erreparatuta, zuhurrena izango zen proiektuaren tramiteak geratu eta gizarte eztabaida abiatzea. Nork daki zergatik, errealitate horri muzin egin, eta proiektuaren tramiteetan sakontzen segitu dute agintariek. Jakina zen egoera politiko-instituzionala alda zitekeela bozetan. Jakina zen legez kanporatzerik gabe ezker abertzaleak indar handia har zezakeela erakundeetan. Eta, hala gertatu da.

Hondakinen politikaren ardatzak aldatzeko baldintzak daude orain. Baina, aurreko agintariek zaila jarri dute bidea: banketxeekin maileguak hitzartu dituzte, obrak eskaini dizkiete enpresei. Eta, atzera eginez gero, kalte-ordainei aurre egin behar izateko katramila juridiko-ekonomikoa saretu dute. Gaizki hasitakoa gaizki bukatu ohi da. Eta, kasu honetan ere, hala izango da. Bilduk aginduko du hondakinen kudeaketaz arduratu behar dutenia erakunde guztietan. Eta, hitza jaten ez badu, errauste plantako lanak geratuko ditu. Hori bazekiten ostegunean bilera egin zuten agintariek. Eta, segur aski, erabaki hori trabatzea zuten helburu. Baina, galdera hau da: ordaindu beharko diren bi milioi euro horiek —eta Carlos Ormazabalek aipatu ohi dituen beste dozenaka milioi— gipuzkoar guztien bizkarrean utzi beharrean, haien patrikatik ordaindu beharko balituzte, gauza bera egingo al zuten?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.