Bi militar zendu eta beste bi zauritu dira Nafarroan, maniobra militarretan ari zirela

Sesman gertatu zen ezbeharra, atzo eguerdian; helikopteroa lurrera erori, eta su hartu zuen

Erredakzioa
2007ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
«Behera egin du eta, lurrean hainbat jauzi egin ondoren, lehertu egin da». Hori azaldu zion lekuko batek Efe albiste agentziari atzo Sesman (Nafarroa) gertatu zen helikoptero istripuari buruz. Espainiako Lurreko Armadako bi kide zendu ziren ezbehar horren ondorioz, eta beste bi, oso larri zauritu. Maniobra militarrak ari ziren egiten. Zauritutako mili-tarrak Logroñoko (Espainia)eta Lizarrako (Nafarroa) ospitaleetara eraman zituzten lehen unean.

Armadako helikopteroak su hartu zuen lurrera erori ondoren. Lekuko beraren hitzetan, hain zuzen ere, ezinezkoa zen burdin pusken artean lehen helikopteroa izan zenaren arrastorik aurkitzea. Erabat desitxuratuta geratu zen. Zendu ziren bi militarrak kiskalita gelditu ziren helikopteroaren barruan. Espainiako Lurreko Armadak Errioxako (Espainia) Agoncillo herrian duen egoitzakoak ziren bi militarrak; sarjentu burua zen haietako bat, eta bestea, berriz, kaporala.

Espainiako Gobernuak ikerketa bat jarri du martxan jada Sesmako istripua zerk eragin zuen lehenbailen argitzeko. Militarrak ariketak egiten ari ziren Nafarroan ezbeharra gertatu zen unean. Bi helikoptero ari ziren maniobretan elkarrekin, zehazki, Sesma inguruan. Cougar motako helikoptero zen istripua izandakoa.

Arratsaldeko 13:00 aldera gertatu zen istripua. Sesma eta Los Arcos lotzen dituen NA-129 errepidetik gertu erori zen helikopteroa. Nafarroako Larrialdi Agentziak berehala izan zuen gertatu zenaren berri. Istripua izan zuten militarrekin batera ariketetan parte hartzen ari ziren Espainiako Armadako beste kideek eman zuten lehen abisua. Guardia Zibilarekin jarri ziren harremanetan militarrak, eta erakunde horrek egin zuen deia Nafarroako Larrialdi Agentziara.

Helikopteroa behera erori zen, eta lurrarekin bat egin ondoren, su hartu egin zuen. Lodosako eta Lizarrako suhiltzaileak izan ziren istripuaren tokira ailegatzen lehenak. Sutea itzali zuten, sendagileek zauritutako militarrak sendatu ahal izateko. Ezbeharra izan zen tokian bertan artatu zituzten zaurituak lehen unean. Bat Logroñoko ospitalera eraman zuten handik, helikopteroz. Ia gorputz osoa zeukan erreta. Litekeena da Logroñotik erretako gaixoekin lan egiten duen beste ospitale batera eramatea. Beste zauritua, berriz, Lizarrara eraman zuten, anbulantziaz, zauriak sendatze-ra.

Hura ere oso larri dagoela kontuan hartuta, hala ere, handik Zaragozako (Espainia) Miguel Servet Ospitalera eramatea erabaki zuten medikuek atzo arratsaldean, Gobernuak jakinarazi zuenez. Gorputzaren %60-70 erreta dauka militar horrek, eta hainbat zauri dauzka, jasotako kolpearen ondorioz. Hala eta guztiz ere, medikuen arabera, bi zaurituen bizia ez omen da arriskuan.



IKERKETA ARRAZOIAK ARGITZEKO. Istripuan zendu ziren bi militarrak, bestalde, Iruñeko Nafarroako Ospitalera eraman zituzten, autopsia egiteko asmoz.

Espainiako Defentsa ministro Jose Antonio Alonsok Afganistanen jaso zuen bi militarren heriotzaren berri, atzo, bidaia ofiziala egiten ari baita herrialde horretan. Istripua gertatu ondoren, itzulera aurreratzea erabaki du Defentsa ministroak.

Espainiako Defentsa estatu idazkari Francisco Pardo Sesman izan zen atzo arratsaldean, Espainiako Armadako Lurreko Indarren jeneral buru Pedro Pitarchekin batera. Guardia Zibilak hartu du bere gain istripua zergatikgertatu zen argitzeko ikerketa. Espainiako Gobernuak, gainera, batzordea osatuko du zeregin horretarako. Oraingoz Guardia Zibilaren esku gelditu dira helikopteroaren puskak, aztertze- ko.

Nafarroako Gobernuak doluminak adierazi dizkie zendu diren bi militarren senitartekoei. Istripu berean zauritu diren bi militarrak ahalik eta azkarren eta ongien osatzea espero dute Gobernuko kideek, halaber, prentsa ohar batean azpimarratu dutenez. Errioxako Gobernuak ere doluminak adierazi dizkie Espainiako Armadari eta hil diren bi pertsonen senitartekoei. Istripua izan zuen helikopteroak Errioxako Agoncillon zuen egoitza.



Ariketek arriskuak eragiten dituztela salatu du Askatasunak

Atzo Sesman gertatu zen istripuan bi militar zendu ziren, eta beste bi zauritu. Ezbeharrak askoz ere ondorio larriagoak izaten ahal zituela azpimarratu du Askatasunak, hain zuzen ere, helikopteroa herritarren gainera erori izanez gero. «Militarren ariketek herritarren bizia jartzen dute arriskuan», azpimarratu du Askatasunak.

Hori dela eta, halako ariketak bertan behera uzteko eskatu du talde horrek. «Espainiak bere armada inposatu dio Euskal Herriari, gure gizarteak duen sentimendu antimilitaristari bizkarra emanez». Atzo istripua gertatu aurretik beste hainbat izan direla gogoratu du Askatasunak. Nafarroako Unibertsitateak antolatu jaialdi baten harira duela hainbat hilabete F18 hegazkin bat Iruñeko zeru gainetik pasatu zela gaineratu du.





Militarren istripuak Euskal Herrian

Zibilik hil gabe, baina oso istripu larriak

Istripu asko izan dira, gehienak Nafarroan. Zibilik ez da hil, baina arriskutsuak izan dira. Hauek dira istripuetako batzuk:

1968ko ekaina. Nafarroan, Funestik gertu, F-104 motako hegazkin batek istripua izan zuen.

1969ko abuztua. Bardeako (Nafarroa) tiro eremuan F-100 motako hegazkin batek istripua eduki zuen eta pilotua hil egin zen.

1973ko urtarrila. Phantom F-4 motako hegazkin bat erori zen Bardeako tiro eremuan, eta pilotua hil egin zen.

1973ko martxoa. Jaurtigai baten zati bat erori zen Murillo El Fruton (Nafarroa).

1973ko urria. F-4 motako hegazkin batek istripua izan zuen Bardeatik gertu.

1977ko abuztua. Supersaeta motako hegazkin bat erori zen Bardean, eta pilotua hil egin zen.

1977ko abuztua. F-4 motako hegazkin batek istripua izan zuen Bardean.

1977ko iraila. Supersaeta motako hegazkin bat erori zen Bardean, eta pilotua hil egin zen.

1980ko otsaila. Lehergailu bat erori zen Valtierran (Nafarroa), tiro eremutik hiru kilometrora.

1980ko azaroa. Phantom motako hegazkin bat erori zen Kasedan (Nafarroa), eta pilotua hil egin zen.

1982ko abuztua. Nafarroan, Erguidan, helikoptero batek Yugoko ermita jo zuen.

1982ko iraila. F-5 motako hegazkin batek istripua izan zuen Cascanten (Nafarroa). Hegazkineko bidaiaria hil egin zen.

1987ko maiatza. Phantom motako hegazkin batek su hartu eta Kasedan erori zen. Bidaiariak hil egin ziren.

1987ko abuztua. Azkoienen (Nafarroa) hiru bonba aurkitu zituzten.

1988ko otsaila. Lau erregai depositu erori zitzaizkion F-16 motako hegazkin bati Cortestik (Nafarroa) kilometro bate-ra.

1989ko azaroa. F-18 motako hegazkin batek istripua eduki zuen Bardean, eta pilotua hil egin zen.

1994ko abuztua. F-18 motako hegazkin bat erori zen Bardean.

2000ko martxoa. F-18 motako bi hegazkin erori ziren, Bardeatik gertu. Pilotuetako bat hil egin zen.

2000ko abuztua. Militarren ariketen ondorioz sutea piztu eta 102 hektarea erre ziren Ezkaba mendian, Nafarroan.

2002ko urria. Soldaduen granada batek tiro eremua gainditu, eta Ezkaba mendiko 4,5 hektarea kiskali ziren.

2006ko apirila. Espainiako Aire Armadako hegazkin batek 1.900 kiloko kaxa bat bota zuen Cascanten. Argindar kableen gainera erori, eta 4.400 herritar baino gehiago argindarrik gabe geratu ziren.

2006ko iraila. Muxika parean (Bizkaia) kamioi batek errepide bazterretik zihoazen hiru militar harrapatu zituen. Bi soldatu ospitalera eraman zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.