Ezbeharra

Bi mutil gazte inputatu dituzte Arguedasen heriotzean amaitu den motor istripu bat eragin dutelakoan

Arabakoak dira, eta 25 eta 30 urte artean dituzte. Ezkondu aurreko agur festa batean zebiltzan, eta zenbait bide seinale errepide gainera tolestu zituzten larunbat goizaldean. Horietako bat jo zuen Arguedas bertako 17 urteko motor gidari batek, eta atzo goizean hil egin zen. Lekukoen arabera, bide seinaleak errepidera botatzeaz gain, istripua jazo zenean ihes egin zuten zaurituari laguntzarik eman gabe.

2010eko abuztuaren 2a
10:26
Entzun
Ezbehar handia gertatu zen larunbat goizaldean Arguedasen (Nafarroa): norbaitzuk bide gainera tolestutako bide seinale bat jo zuen motorrarekin 17 urteko mutil gazte batek eta kolpe handia hartu zuen buruan. Oso larri eraman zuten Iruñeko Nafarroako Ospitalera, eta atzo goizean hil egin zen. Arguedas bertakoa zen hildako mutila; istripua gertatu zen lekutik 50 bat metrora bizi zen.

Bide seinaleak apurtzen eta beste hainbat kalte eragiten aritu zirelakoan 25 eta 30 urte arteko lau mutil gazte atxilotu zituen atzo Foruzaingoak. Hain zuzen ere, ondorio heriotza izan duen istripu hori eragitea leporatzen zieten. Atzo Tuterako polizia etxean eduki zituzten egun guztian, eta iluntzean, bi aske utzi zituzten eta beste biak inputatu egin dituzte zuhurtziagabetasun larriak eragindako hilketagatik eta zauritauri laguntza ukatzeagatik. Izan ere, lekukoen arabera, istripua ikusi zuten baina alde egin zuten zauritua artatu ordez.

Inputatutako bi gazteak arabarrak lirateke, eta ezkontza aurreko agur festa bat ospatzera joanak ziren Arguedasera beste dozena bat lagunekin. Lekukoen arabera, mutil talde horrek hainbat kalte eragin zituen larunbat goizaldean herrian. Jaietan dira Arguedasen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.