Biriatuko ordainlekua abantzu bikoiztuko dute, hamahiru leihatilatik hogeira pasatuz. Autobiderako sarrera-irteerak ere handituko dituzte, eta, bide batez, Espainiako eta Frantziako polizien zaindegiak bota dituzte. Donibane Lohizune hegoaldeko ordainlekua bost leihatilakoa bihurtuko dute Gipuzkoako norabidean, Baionako norabidean sarrera handitzeko xedea dute.
Arazo gehien eraginen dituen aldaketa Baionako atalean izanen da, Mouserolleseko loturan hain zuzen ere. Gaur egun autoak A63 autobidetik atera behar dira A64 autobidearekin lotura egin ahal izateko. Etorkizunean bi autobideak lotzea da abiatuko diren lanen helburua. Egitasmoa atalka burutzeko asmoa du ASF konpainiak. Mouserolleseko loturak eragozpen ugari eraginen ditu, egunero auto lerroak izaten baitira bidegurutze horretan. Hiriburu eta Mugerreko lurretan ere sartuko da loturaberria. Mugerreko garraiogunearekin lotura egitea aurreikusten du ASFk.
Gaur egun 8.500- 9.000 kamioi bitartean zenbatzen dira egunero Biriatuko ordainlekuan. Udako egunetan, oporretako etorrera-ateratze egun nagusietan, kopuru horrek nabarmen egiten du gora, Baiona eta Biriatu arteko auto lerroak eraginez.
Kaltetuen irizpideak ez dituztela kontuan hartu deitoratu du Lurra Zain elkarteak
ASFk lurrak «merkealdian» erosi dituela diote, eta ingurumen gaietan axolagabe jokatzen duelaA.R.
ASF konpainiaren arabera, gardentasun osoz burutu da obra hauetan interes publikoa ebazteko inkesta. Alta, xedeak kezka ugari eragin zituen lehen unetik, eta kaltetuek Lurra Zain elkartea sortu zuten berehala. Bilkura anitz izan bada ere, ildo berriak ikertzeko denborarik ez zaiela eman salatu dute. Lurra Zainek sakonki aztertu zituen hasieratik xedeak arloz arlo sortzen zituen arazoak. Eta ondorio kezkagarriak plazaratu dituzte. Lehenik gogor salatu dute ASF konpainiak «merkealdian» erosi dituela etxe eta lurrak, eta ez dituela merkatuko prezioak aintzat hartu. Jasotako diruarekin jabeek bertze etxe bat erosteko adina ez dutela salatu du Lurra Zainek. 46 etxe eta zortzi etxalde desjabetu dituzte.
Laborarien kasua okerragoa dela jakinarazi du. Izan ere, etxalde batzuk bitan moztu ditu autobidearen handitze egitasmoak. Jasotako diruarekin ezin dute etxalderik erosi inguruan eta ezin dute atxiki beren jarduna. Bertze zenbait kasutan ASFk lurrak baizik ez ditu erosi, laborariei eragindako baliabide murrizketa kontuan hartu gabe.
Xedearen nondik norako guztiak deitoratu ditu Lurra Zainek. «Txostena ikerketa eta azterketetan oinarritzen da, nahas-mahas», adierazi du Jean Choignard Lurra Zaineko presidenteak. Zabaltze lanak egiten badira ere, 2030ean autobidea saturaturik egonen dela azaldu du, gainera. Lurra Zainek datuak interesen arabera atontzea leporatzen dio ASF konpainiari. Kamioi kopurua 13.000koa dela jakinarazi du.
Trafiko hazkuntzak airearen kalitatean eragina izanen duela gogorarazi du. Alta, Biriatuko ordainlekuan ez dagoela neurgailurik salatu du. Baionan eta Angelun badaude, baina ez dute neurtzen autobidearen kutsadura.
Biriatuko ordainlekuak haserre berezia eragin du.Landetatik Gipuzkoako iparraldera lau ordainleku daude oso tarte txikian. Biriatuko ordainlekua desagertzea eskatzen dute. «Beharrezkoa ez izateaz gain, mendien arteko pasabidean kutsadura metatzen du».