Bi pertsona hil dira A-8an, Zaldibarren, autoarekin errepideko hesi bat jota
Bi pertsona hil ziren herenegun gauean Zaldibarren (Bizkaia), A-8 autobidean, ibilgailuarekin ezbeharra izanda. Errepideko hesi bat jo zuen autoak, eta lekuan bertan hil ziren biak. Hala jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. Zaldibarko tunelaren sarreran gertatu zen istripua, Donostiarako bidean. Ingurabide bat jarria dute inguru hartan, errepidea zabaltzeko lanetan ari direlako. Ingurabidearen hasierako hesiaren aurka jo zuen bi hildakoak zihoazen ibilgailuak. Hain izan zen kolpe gogorra, ze suhiltzaileek atera behar izan baitzituzten bi lagunen gorpuak autotik. Bestalde, atzo goizean, ama-alaba batzuk arin zauritu ziren Getxon, Bizkaian, auto batek harrapatuta. Ibilgailuak ez zuen galgatu oinezkoen pasabide batean, lehen ikerketen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu