Bart, bi ezbehar larri gertatu dira Euskal Herriko errepideetan. Legardan (Nafarroa), NA-1110 errepidean, auto bat bidetik atera da, eta, kolpearen ondorioz, gidaria bertan hil da. Bakarrik zihoan. 02:00 inguruan izan da istripua, Foruzaingoaren arabera.
Foruzainak eta suhiltzaileak joan dira istripua izan den tokira, eta ikerketa zabaldu dute, gertatutakoa argitzeko.
Gauean, 22:40 aldera, ibilgailu batek gizonezko bat harrapatu du BI-4244 errepidean, Kortezubi parean (Bizkaia). Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez, gizona Gurutzetako ospitalera eraman dute, larri, eta hil egin da, azkenean.
Ertzaintzak ere ikerketa bat hasi du zer gertatu den argitzeko.