ISTRIPUA

Bi pertsona hil dira Zigoitian, kamioi batek autobideko ordainlekua eta auto bat aurretik eramanda

Etxebarri Ibiñako ordainlekuan geldirik zegoen auto baten kontra jo du, eta bi ibilgailuk sua hartu dute.

Istripuaren argazki bat. @BOMBEROSEUSKADI
2021eko ekainaren 25a
09:38
Entzun

Baimendutakoa baino abiadura handiagoan zihoan kamioi artikulatu batek Etxebarri Ibiñako ordainlekuan (Zigoitia, Araba) geldirik zegoen auto baten kontra jo du; bidesaria ordaintzen ari ziren autoko bidaiariak momentu horretan. Kolpea handia izan da, eta AP-1 autobideko ordainlekua bera ere aurretik eraman du. Harrapatutako autoak eta kamioak sua hartu dute, eta automobilean zeuden bi pertsona hil egin dira. 22:45ean gertatu zen ezbeharra, bart.

Larrialdi zerbitzuak bertara joan ziren, eta kontrolpean hartu zuten sua, baina osagileek eta suhiltzaileek ezin izan zuten ezer egin autoan zihoazenak salbatzeko.

Kamioi gidaria Gasteizko Santiago ospitalera eraman dute, zauri arinekin, eta ordu batzuk geroago atxilotu egin dute, zuhurtziagabekeriazko hilketa egin ote duen ikertzeko eta deklarazioa hartzeko. Alkoholaren eta drogen testak egin dizkiote gidariari, eta negatibo eman du.

Udako oporretako irteera hastearekin bat gertatu da ezbeharra. Sonia Diaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak agerraldia egin du ostiral goiz honetan, operazio horri buruz hitz egiteko, eta atsekabea agertu du heriotzengatik.

Ertzaintzaren Trafiko Unitatea ikerketa bat egiten ari da, istripua nola eta zergatik gertatu den ikertzeko. AP-1 errepidea itxita egon da ordu batzuz gauean, Burgosko bidean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.