Basurtuko Unibertsitate Ospitalean sua piztu zen bart gauean, 22:00 aldera. Zehazki eraikinean dauden laborategietan gertatu zen, eta haiei bakarrik eragin die. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, larrialdi zerbitzuek bi lagun artatu dituzte han, kea arnasteagatik. Oraindik argitzeko daude sutearen arrazoiak.
Sua piztu bezain laster atera zituzten bertako langileak, eta Bilboko Miribilako eta Deustuko suhiltzaile zerbitzuek berehala kontrolatu zuten. Suteak, beraz, ez die ospitalean dauden pertsonei eragin, ezta eraginik izan jarduera kirurgikoetan, Jaurlaritzaren arabera. Halere, eragindako kalteen ondorioz, han egin beharreko premiazko analisiak Gurutzetako eta Galdakaoko ospitaleetan egingo dira. Suak Gurtubay pabiloiko hirugarren solairuan eragin ditu kalterik handienak. Lehen eta bigarren solairua ere zerbitzutik kanpo daude.
ESK sindikatuak gertatutakoa argitzeko ikerketa sakon bat egin beharra azpimarratu du, eta prebentziorako neurriak areagotzeko eskatu du.