Larunbat goizaldean izan ziren erasoak, eta horiek arbuiatzeko, udaletxeko plazan elkartuko dira 19:00etan. Antsoaingo (Nafarroa) Udaleko talde guztiek babestu dute deialdia, eta herritarrei ere dei egin diete mobilizazioarekin bat egitera.
Ander Oroz alkateak ez du erasoen xehetasunik eman, baina azaldu du oraingoz ez dela epaitegietan salaketarik aurkeztu erasoen harira. Hori hala izanda ere udalak elkarretaratzera deitzeko beharra duela azpimarratu du Orozek.
Bi atxilotu, bikoteak jotzea egotzita
Gainera, Foruzaingoak bi gizonezko atxilotu ditu asteburuan indarkeria matxistari lotutako delituak egitea leporatuta. Ostiral gauean, 34 urteko gizonezko bat atzeman zuten Mutiloabeitin, bikotekideari ukabilkada bat jo ziolakoan. Erietxean artatu zuten andrea.
Zangozan, berriz, 29 urteko gizon bat hartu zuten atxilo larunbatean, hark ere bikotekidea jo zuelakoan.