Ezustekoa eman du Geroa Bai koalizioak Nafarroan Espainiako hauteskundeen botoen zenbaketaren azken txanpan, eta diputatu bat lortu du; Uxue Barkos, beraz, beste agintaldi batean izango da Espainiako Kongresuan. UPN-PPri kenduko dio diputatu hori Geroa Baik, zenbaketa hasi denetik eskuineko koalizioak Nafarroan hiru diputatu lortuko zituela zirudien arren. Modu horretan Amaiurrek gaurko hauteskundeetan lortutako ordezkaritza are nabarmenagoa da zazpi diputatu eskuratu baititu. UPN-PPk, EAJk eta PSE-EE/PSN bosna izango dituzte. Datorren agintaldian bi talde abertzale izango dira Kongresuan lehen aldiz.
Espainiako Barne Ministerioa Espainiako hauteskundeen emaitzen zenbaketa amaitzen ari da, eta berdintasuna izan da nagusi gauean zehar Hego Euskal Herriko alderdi nagusien artean. Lau alderdi nagusien arteko boto aldea oso txikia da Hego Euskal Herrian. Nafarroan azken botoak zenbatzeko faltan eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan amaituta, alderdi bozkatuena UPN-PP da, 336.101 boto inguru jasota. Bigarren Amaiur da 333.628rekin, PSE-EE/PSN hirugarren postuan utziz, azken hori 326.761 botorekin. EAJk, 323.517 zituen, eta Geroa Baik, 42.411.
Amaiurrek lau lurraldeetan lortu du ordezkaritza
Lurraldez lurralde, espero bezala zenbait lekuetan alde txikia izan da eserlekuak erabakitzeko. Aipagarria da lehen aldiz Hegoaldeko lau lurraldeetan ordezkaritza ateratzea lortu duela hautagaitza batek, Amaiurrek. Nafarrokoaz gain, borroka estua izan da baita Bizkaian ere zortzigarren diputatua erabakitzeko. Gipuzkoan ere une batean EAJk bigarren Amaiurren kaltetan lortuko zuela zirudien, baina ez da hala izan azkenean.
Gaur Bizkaian zortzi legebiltzarkide zeuden jokoan, Gipuzkoan sei, Nafarroan bost eta Araban lau. Zenbaketaren azkenetan (Araban %100 zenbatuta, esate baterako) hauxa da legebiltzarkide eta boto banaketa:
Amaiur: 7 legebiltzarkide (333.628 boto)
PP-UPN: 5 (336.101)
EAJ: 5 (323.517)
PSE-EE-PSN: 5 (326.761)
Geroa Bai: 1 (42.411)