Istripuak

Bi txirrindulari erietxean, eta gidari bat hilda

Orioko Gainean txirrindulari bat harrapatu du alkoholarekin positibo emandako gidari batek. Beste txirrindulari bat erori da Carcarren. Biak zaurituta eraman dituzte erietxera. Lasarten, legazpiar bat hil da auto istripu batean.

N-364 errepidean txirrindulri bat harrapatu zuen gidariak positibo eman zuen alkoholemia proban.
2021eko martxoaren 22a
08:18
Entzun

Larri eraman zuten atzo erietxera Orioko Gainetik jaisten, Aian (Gipuzkoa), zaurituriko txirrindularia. Larri zegoela zabaldu zuten atzo. Eguerdi aldera N-364 errepidean zebilela, Ford Fiesta batek harrapatu zuen. Gidariari alkoholemia proba egin zioten, eta positibo eman zuen.

Zauritua donostiarra da, 49 urtekoa.

Adin berekoa da, baina iruindarra, atzo istripua pairatu zuen beste txirrindularia. Lagun taldean zihoan, NA-122 errepidean. Zabaldu dutenez, berez erori zen. Iruñera eraman zuten, eta, erietxeko eledunek esan dutenez, egonkor zegoen atzo arratsaldean.

Hildako bat Lasarten

Legazpiko 60 urteko auto gidari bat hil zen atzo Lasarte-Orian (Gipuzkoa), 19:00ak pasatuta. Segurtasun Sailak zabaldu duenez, gidariak, autoaren kontrola galdu, eta errepidearen erdiko hesiaren kontra jo du. Bi pertsona zihoazen autoan, gidaria eta emakumezko bat. Biak atera dituzte autotik, baina gizona hilda zegoen. Emakumezkoak ez zuen zauririk, baina antsietateak jota artatu behar izan dute.

Ikerketa Zuastin

Larunbatetik iganderako gauean kamioilari bat hil zen Zuastiko zerbitzugunean (Nafarroa). Kamioi batek su hartu zuen, eta suhiltzaileek sua itzali ostean aurkitu zuten kamioilariaren gorpua, kabinan, kiskalita.

Foruzaingoak ez du argitu zergatik piztu zen sua, eta ikerketa bat zabaldu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.