Bi ume zendu dira auto istripuz Corellan, eta larri zauritu dira haien gurasoak
Bi ume hil ziren atzo auto istripuz Corellan (Nafarroa), eta haien gurasoak larri zauritu ziren. Nafarroako Larrialdi Agentziak emandako datuen arabera, AP-68 errepidean izan zen istripua, 12:30 inguruan.Familiaren autoa bidetik irten zen, eta zubi batetik amildu. Ondoren, zuhaitz bat jo zuen. Umeak bertan hil ziren. Autoaren gidaria, bi haurren ama, autoan harrapatuta geratu zen, eta suhiltzaileek atera behar izan zuten. Zauri larriak zituen, eta helikopteroz Iruñeko Ospitale Gunera eraman zuten. Aita airean atera zen autotik. Anbulantziaz eraman zuten Tuterako Reina Sofia erietxera, zauri larriak baitzituen. 35 urte ditu aitak, 39 amak. Bartzelonakoak dira. Ezbeharraren ondorioz, foruzainek bideratu behar izan zuten zirkulazioa. Oraindik ez dute argitu zerk eragin zuen istripua, eta Foruzaingoak ikerketa abiatu du. Urte beltza izaten ari da Nafarroako errepideetan; orain bi aste eskas, abuztuaren 24an, gazte bat eta hiru adingabe hil ziren Tuteran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu