Arabako Auzitegi Probintzialak bi urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio irakasle bati bi ikasleri sexu abusuak egiteagatik eta beste irakasle bat sexualki jazartzeagatik. Efe albiste agentziak jakinarazi duenez, frogatuta geratu zen epaiketan gizonak hiru emakumeekiko hurbiltasuna bilatzen zuela ukituak egiteko. Epaimahaiak dio ikasleak "behar izan gabe" ukitu zituela. Erasoak gertatu zirenean adingabea zenari, gainera, ukitu sexualak egin zizkion, kilimak egiteko itxurak eginez bidea itxi eta bularra eta ipurdia ukituz.
Lankidearen kasuan epaimahaiak frogatutzat eman du 2007 eta 2015 urteen artean hainbat mezu bidali zizkiola bere itxura fisikoaren inguruan eta muxuak eskatu zizkiola. Horrekiko gertututasuna ere bilatu zuen gizonak eta horri ere ukituak egin zizkion.
Epaileek sinesgarritasun osoa eman diote biktimen salaketari eta lekukoen testigantzari. Adingabe zenari egindako ukitu sexualak sexu erasotzat hartzea nahi zuten akusazioek, baina epaileek ebatzi dute ez zela frogatuta geratu indarkeria erabili zuenik horretarako. Bi sexu abusu delitugatik eta mehatxuengatik zigortu dute. Fiskaltzak 18 urte eta erdiko zigorra eskatu zuen maiatzean egin zen epaiketan, eta defentsak absoluzioa eskatu zuen. Eusko Jaurlaritza aurkeztu zen epaiketan akusazio partikular gisara eta 17 urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eskatu zuen.