Nafarroako Auzitegiak bi urteko eta bi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri die hiru gazteri, 2014ko maiatzean Erronkarin Espainiako Hispania Verde taldearen bilkura baten kontrako protestan parte hartzeagatik. Egun horretan Erronkariko eta ibarreko beste herri batzuetako 200 herritar inguru Zaragozatik iritsitako talde horren kontzentrazioa salatzeko bildu ziren. Erronkarin hartz emeak sartzeko bilkura bat zen ustez, baina Erronkariko gazte asanbladak salatu zuen MSR mugimendu faxistaren adar bat dela talde hori eta "Pirinioetako hartzaren inguruko gatazka bere egitera" etorri zirela.
Hamar inguru izan ziren autobusez Euskal Herrira etorri ziren Hispania Verdeko kideak, eta Guardia Zibilak babestuta iritsi ziren Erronkarira, espero zen bezala. Faxismoaren aurka, Erronkari tinko leloa hartuta bildu ziren antifaxistak, eta "alde hemendik!" eta "utzi bakean" oihuekin hartu zituzten Erronkarin. Horietako hiruri ezarri diete espetxe zigorra. Hiruei bi urteko espetxe zigorra ezarri die manifestazio eskubidea urratzeagatik, eta horietako bati, gainera, beste sei hilbateko zigor bat ezarri dio, Hispania Verdekoei eta Guardia Zibilari gauzak botatzeagatik. Beste hiru lagun absolbitu egin dituzte.
"Edozein keinu faxistarik onartzen ez dugulakoan, Erronkariko herritarrok mugimendu honi geure ezetzik handiena emateko antolatu eta altxatu gara. Beraz faxistak Erronkaritik kanpora!", zioten Erronkariko gazte asanbladako kideek 2014ko protestan. Erronkariko herritarrek salatu zuten probokazio hutsa zela Hispania Verderen bisita, eta protesta gisara motozerra hotsa entzungai izan zen bilkurak iraun zuen bitartean. Tentsio uneak ere bizi izan ziren, Guardia Zibila Zaragozatik etorritakoak babestera atera zenean.
Lau urte lehenago, 2010ean, Zaragozan bertan salatu zuten Hispania Verderen jarduna zuhaitz batzuk landatu behar zituztela eta. Zaragozan 2014ko apirilean aurkeztu zuten txosten batean MSR urte horretako maiatzeko Europako bozetara aurkeztekoak zirela ohartarazi zuten: "Oso garrantzitsua da mozorroa kentzea faxistei, jendea engaina ez dezaten", esan zuen Alma Samper egileak.