Heriotza

Bi urte eta erdiko neskato bat hil da Ziburuko haurtzaindegi batean

Atzo arratsaldean hilotz aurkitu zuten txirrista baten oinean. Autopsia egin ondoren, istripuz, bere pisuarekin txirristaren kontra itota, hil dela agertu du Baionako prokuradoreak.

2008ko ekainaren 20a
19:03
Entzun
Ziburuko (Lapurdi) Marie Floret udal haurtzaindegian bi urte eta erdiko neskato bat hil zen atzo. Arratsaldeko bostak laurden gutxian ohartu zen begirale bat haurra haurtzaindegiko jolas lekuan zegoela, txirrista baten ondoan, lurrean zerraldo. Hurbildu zirenean, ez zuela arnasarik hartzen ohartu ziren. Segituan, larrialdi zerbitzuei eta Poliziari deitu zien haurtzaindegiko zuzendariak; Herriko Etxera ere deitu zuen gertatutakoaren berri emateko.

Larrialdi zerbitzuetako kideak ia ordubetez aritu ziren haurra suspertu nahian, baina ez zuten lortu.

Haurra ondoezik zegoela ohartu zirenean beste ume guztiak eta zaintzaileak haurtzaindegi barruan ziren. Argitzeke dago zergatik eta nolaz zegoen haurra bakarrik jolas lekuan.

Nolanahi ere, haurra istripuz hil dela agertu du autopsiak, bere pisuarekin txirristaren kontra mekanikoki itota. Baionako prokuradoreak gaur arratsaldean eman du ikerketaren emaitzen berri.

Marie Floret haurtzaindegia Marinela auzoan dago, eta 1994ko agorrilean ireki zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.