Bi urteko espetxe zigorra eskatu dute Basusarriko auzapezarentzat, ustelkeriagatik

Paul Marie Baudry auzapeza epaitu dute, Baionan, eta prokuradoreak gibelapenarekin galdegin du zigorra. Hamar urtean kargurik hartu ahal ez izatea ere eskatu du. Lursailei buruzko informazioa emanda dirua lortzea egotzi diote. 25 urte daramatza auzapez, eta gehiengo osoa erdietsi zuen martxoko bozetan.

Paul Marie Baudry Basusarriko auzapeza. ISABELLE MIQUELESTORENA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko ekainaren 24a
11:22
Entzun

Kargu publikoa bere intereserako erabiltzea, ondasun sozialez abusatzea, zerga iruzurraren zuritzea, eta Bizi Publikoaren Gardentasunerako Goi Aginteari ondasunak ez aitortu izana leporatu dio Baionako auzitegiak Paul Marie Baudry Basusariko (Lapurdi) auzapezari. Atzo epaitu zuten, Baionan, eta fiskalak bi urteko kartzela zigorra —gibelapenarekin—, 100.000 euroko isuna eta 10 urteko hautagarritasunik eza eskatu zituen. France Bleu irratiak adierazi duenez, Baudryk erran zuen «lazakeriaz kudeatu» dituela negozioak.

1995. urtetik egon da auzapez karguan; herriko bozen lehen itzulian berriz hautatua izan zen, bozen gehiengo osoa lorturik. Euskal Hirigune Elkargoko hautetsi izan da orain arte.

Baionako Auzitegiak 2013. eta 2018. urteen artean egindako hainbat ustelkeria kasurengatik epaitu du. Esaterako, PMB konpainia sortu zuen auzapezak Vinci etxe eta terrenoen salerospenerako konpainiarentzat, «aholkularitza lanetan» aritzeko. Lurrei buruzko informazioak ematen zizkion konpainiari. Akusazioaren arabera, kargu publikoa bere intereserako erabiltzen zuen PMB konpainiaren bidez. Bestalde, PMBko diru funtsa bere zor pertsonalak pagatzeko baliatu izana leporatu dio auzitegiak. Diru hori Espainiako Estatuko banku batera igortzen zuen; hala, zerga iruzurra zuritzen zuen Baudryk, akusazioaren ustez. Bestalde, bere ondasunak ez osoki aitortzeagatik epaitu dute. Izan ere, kargu politikoa duen orok ondasunak aitortu behar ditu hautatua izan aitzin. Baudryk bere ondasunen parte bat kukuturik atxiki du: 83.000 euro guztira.

Irailaren 8an emanen du Baionako Auzitegiak auziaren emaitza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.