A sus muertos dokumentalerako irudiak jasotzeko asmoz sartu ziren Erorien Monumentuko kriptan; baina salaketa jarri zieten Gurutzearen Zaldun Boluntarioen Anaidiak, kriptan baimenik gabe sartzeagatk eta sekretuak jakinarazi izanaren delitua egotzita. Abian da ahozko epaiketa, Iruñean. Fiskaltzak bi urteko kartzela zigorra eta 12.000 euroko isuna eskatu du, eta akusazio partikularrak, bi urte eta erdiko espetxealdia.
Epaiketa hasi aurretik, elkarretaratzea egin dute hainbat lagunek epaitegi atarian. Auzipetuek eskertu egin dute jasotako babesa, eta berretsi dute Erorien Monumentuari buruzko eztabaida sustatzea zela euren asmoa. "Iruñean dagoen monumentu bati buruz informatu dugu, Erorien Haranaren ostean Espainiako ikur faxistarik handienetan bigarrena denari buruz", adierazdi du Clemente Bernard dokumentalgileak.
Carolina Martinezi kosta egin zaio gertatutakoa barneratzea: "Ez genuen espero honaino iristea. Prozesuak urtebete iraun du, eta oso gogorra izan da. Itxaropena dugu zentzuz jokatuko dutela eta justizia egingo dela".
Fiskaltzak argudiatu du monumentua Iruñeko Udalaren jabetza den arren kripta artzapezpikutzarena dela, eta beraz "izaera pribatua" duela. Hala, ondorioztatu du bi dokumentalgileek monumentuan sartzeko baimena jaso zutela 2016ko martxoan, eta kamera bat eta mikrofono bat jarri zituztela kriptako aireztatze griselaren barruan, "Gurutzearen Zaldun Boluntarioen Anaidiaren intimitatea urratzeko asmoz".