Bi urteko kartzela ezarri diote gizon bati, emazte ohiaren etxera sartzeagatik eta hertsatzeagatik

Akusatuak beste delitu bat du ebazteke, eta kondenatuta dago emazte ohiari tratu txarrak emategatik.

Eraso matxista bat salatzeko manifestazioa, Zarautzen. UROLA KOSTAKO HITZA
Eraso matxista bat salatzeko manifestazioa, Zarautzen. UROLA KOSTAKO HITZA
nerea intxausti
2024ko apirilaren 9a
13:30
Entzun

Emazte ohiaren etxera baimenik gabe sartzeagatik eta emakumea hertsatzeagatik zigortu dute gizon bat, Donostian. Bi urteko kartzela zigorra ezarri diote delituengatik, EFE agentziak zehaztu duenez. Urtebeteko zigorra ezarri diote etxean indarrez sartzeagatik, baina zigor hori urtebete gehiago luzatu diote kautela neurri bat —aldentze agindua— urratzeagatik. Akusatuak mila euro eman beharko dizkio biktimari, eta hiru urtez ezingo da harengana hurbildu, ezta harekin komunikatu ere. 

Fiskalak epaiketan jakinarazi zuenez, 2021. urteko abuztuan sartu zen gizona emazte ohiaren etxera, balkoiko atetik, erdi irekita zegoela baliatuta. Zigortua «biktimak jakin gabe eta hartarako baimenik izan gabe» sartu zen etxean, eta jakinda debekatuta zeukala bikotekide ohiarekin komunikatzea edo harengana gerturatzea. 

Biktima etxean zen, eta, gizonari joateko eskatu bazion ere, hark «ez zion kasurik egin». Eskutik ere heldu zion, Poliziari dei ez ziezaion. Emakumeak larrialdietarako zeukan botoia sakatzea lortu zuenean, gizonak balkoitik alde egin zuen. 

Orain hilabete epaitu zuten gizona Gipuzkoako Auzitegian, eta erruduntzat jo zuten. Epaileak ez zituen aintzat hartu defentsak aurkeztutako aringarriak: akusatuak delirio nahasmendua zuela eta onartu egin zuela egindakoa. Akusatuak azken hitza esateko eskubidea baliatu zuen, eta adierazi delitu horiek «ez zirela gertatu» eta argitu emakumeak bazekiela etxera sartuko zela kanpotik negarrez entzun zuelako. 

Fiskaltzak hiru urteko espetxe zigorra eskatu zuen auzipetuarentzat; akusazio partikularrak, berriz, lau urtekoa; eta defentsak, gutxieneko zigorra. Epaia ez da irmoa, helegitea aurkez baitezakete.

Delitu gehiago

Ez da gizona akusatuta dagoen lehen delitua: lehendik ere kondenatua zuten emazte ohiari tratu txarrak emategatik. Donostiako pisu batean abandonatuta utzi zuen, bi txakur handirekin, eta biktimaren gaixotasun mentalaz baliatu zen haren ondasunekin aberasteko. Ebazteke du beste prozedura judizial bat: bere ofiziozko abokatuari ustez zaplazteko bat eman baitzion 2022ko ekainaren 17an, Donostiako kale batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.