Herrira-ren aurkako operazioan, Guardia Zibila Hernaniko egoitzara sartu zen, eta Ertzaintzak hartu zituen inguruak. Jende ugari elkartu zen protestara, eta ertzain batek borraz jo zuen buruan Amalur Mendizabal orduan Amaiurreko senataria zena. Emakume bat babesten ari zela eta senatari txartela erakusten ari zela jo zuten; buruan bost zentimetroko ebakia egin zioten, eta zortzi puntu eman zizkioten. Egun batzuk geroago, salaketa aurkeztu zuen Mendizabalek.
Iazko irailean, auziarekin jarraitzea eta ertzain bat inputatzea erabaki zuen Donostiako 5. Instrukzio Epaitegiko epaileak.
Orain, ahozko epaiketa egiteko eskatu du fiskalak, ertzainarentzat bi urteko zigorra galdegitearekin batera. Eskaera bera egin du akusazio partikularrak: Mendizabalen abokatu Iñigo Iruinek. Defentsak, berriz, absoluzioa eskatu du.
Fiskaltzak lesio delitu bat egotzi dio ertzainari, eta larrigarritzat jo du langile publikoa izatea; aldiz, aringarritzat jo du bere funtzioak gehiegi bete zituela.
Gainera, fiskalak eskatu du ertzainak Mendizabali 3.600 euroko kalte-ordaina ordaintzeko.