«Bi urteotan indarkeriarik eza eta normalizazioaren hasiera lortuko dira»

K.Aldabe
Donostia
2011ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
ETAren su-eten agiria itxaropenez hartu du Romerok. Nolanahi ere, erakunde armatuari urrats bat gehiago egitea geratzen zaiola uste du. Normalizazioa eta baketzea bereizten ditu, eta bereizi behar direla dio.

Zure agintaldia hasterako, ETAk hautsia zuen azken-aurreko su-etena; agintaldia amaitzerako, beste menia bat eman du, iraunkorra, orokorra eta egiaztagarria.

Aurrerapauso handia da; niretzat inoiz baino gertuago gaude baketik, indarkeriarik gabeko agertokitik. Ez nuen espero egindakoa baino urrats bat gehiago egingo zutenik. Europako eta beste hainbat tokitako gatazkez dakidanarengatik, hau poliki-poliki joango da. Hori bai, ETAren urrats gehiago espero ditut.

Agiriaren alde txarra da baldintza gisa jartzen dituela hainbat oinarri politiko. Era berean, oso zaila da, ezinezkoa ez bada, su-eten bat egiaztagarria den edo ez ziurtatzea. Egiazta daiteke armak uzten joateko erabakia edo borondatea, eta hori desarmatze baten bidez egin daiteke, edo prozesu bat irekita indarkeria uzteak dakartzan ondorioen gainean. Baina su-eten iraunkorra… 2006koa ere halaxe izan zen, Barajaskoa gertatu arte. Espero dut Brian Currin jaunak, zeinaren lana eskertzen dudan, bere haragitan bizi beharrik ez izatea aurreko prozesuaren interlokuzioan aritu ziren pertsonek bizi behar izan zutena.

Zer gehiago espero duzu sinesteko baietz,hau azkena dela?

ETAk esan dezala argi eta garbi indarkeria alboratu duela eta euskal gizartea izango dela, bakean, askatasunean eta aniztasunean, bere etorkizun politikoa erabakiko duena; hori da eragile politikoen esku uztea, baita Batasunaren esku ere, euskal gizartearen etorkizuna herritarrekin diseinatzen.

Presoak hurbiltzea, gaixo direnak askatzea, bi herenak edo hiru laurdenak beteta dauzkatenak ere bai, ezker abertzalea legeztatzea... lagungarri litzateke su-etenak atzera bueltarik izan ez dezan?

Horretan zuhurragoa naiz, aurreko prozesuan ETAri ez ziolako axola presoen gaiak, ezta legalizazioak ere. Loiolako mahai politikoaren zaindaritzan buru-belarri egon nahi izan zuen, baina ez zuen mahai bat eskatu presoei buruz edo dispertsioari buruz mintzatzeko, eta Batasunaren legalizazioaz ere ez zen mintzatu.

Uste dut gehiago lagunduko lukeela ETAk beste urrats bat egiteak, eta gero, noski, hartu beharreko neurriak hartu beharko dira, eta adostu beharreko akordioak adostu, indarkeriarik eza sendotu dadin. ETAk armak utzi ondoren neurriok hartzea lagungarri izango den? Lagungarri bakarrik ez, beharrezko ere bai.

Zapaterok Gabonetako hitzaldian «baketik hurbil» geundela esan eta ordu gutxira ETAk Barajaskoa egin izanak ez du laguntzen Espainiako Gobernuak menia honen garrantzia publikoki onartzeko?

Espainiako Gobernuarentzat bakarrik ez, prozesu horretan parte hartu zuten eragile guztientzat, Batasunarentzat berarentzat ere, eta prozesu horretan itxaropenak jarri zituzten guztientzat, etsipen handia izan zen su-etena hautsi izana. Apustu handia egin zen, eskuzabaltasun handiz jokatu zen, baina ETAk, egiazki, ez zuen gelditu nahi. Horregatik ulergarria eta zentzuzkoa iruditzen zait agintariek eta alderdiek zuhurtziaz jokatu nahi izatea. Baina zuhurtziaz jokatuta ere, sozialki eta politikoki, eta beharrezko diskrezioarekin, baketzean lagunduko duten gaiak jorra daitezke.

PSE-EEk ez luke abangoardia hartu behar indarkeriaren amaierako fasea bultzatzeko?

Baietz uste dut. Barne Ministroak berak esan du, indarkeria desagertuta, euskal auzia euskal herritarrek erabaki beharrekoa dela. Eskertzen dudan adierazpen politikoa izateaz gain, PSEko kide askok askotan esandakoaren aldeko aitorpena iruditu zitzaidan. Uste dut, baietz, eragin dezakegula, baina gehiago aldarrikatu behar dugu gure egitekoa, ez indarkeriazko urte hauen biktima gisa, baizik eta euskal gizartea guk ezagutzen dugulako ongien.

Ikusten duzu luze gabe ez bada, ez oso luzera begira, alderdien arteko mahai bat normalizazio demokratikorako neurriak negoziatzen?

Bai; konbentzituta nago horretarako prestatuta gaudela. Baina horren aurretik gizartean bakea landu behar da. Gure artean gehiago hitz egin behar dugu, gero gure ordezkariak behartzeko. Baina ikusten dut, eta etorkizun hurbilean, bi urte baino lehen.

Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeen aurretik?

Baietz uste dut; baketzea ez, baina konbentzituta nago legealdi honetan, bi urteotan, lortuko ditugula indarkeriarik eza eta gure herria politikoki eta sozialki normalizatzeko jarrera. Garaia da eta! Denok galdu dugun eta inork irabazi ez duen gatazka honetan gehiegi sufritu dugu.

Bakea eta adiskidetzea indarkeriak erasandako gizarteetan ponentzia aurkezten ibili zara. Uste duzu hor aipatzen dituzun oinarriak martxan jar daitezkeela?

Bai. Mataza askatzeko unea da, bakerako gunea aurkitzeko unea da. Horretan asko lagun dezakete biktima guztiek; guztiek, ETArenak, GALenak, motibazio politikokoak, baita Gerra Zibilekoek eta frankismoarenak ere, horiek ere biktima baitira.

Biktimaren figuratik abiatuta lan egin dezakegu. Eta gizarte eragile askok lagun dezakete horretan. Beti esan dut Lokarri eta Baketik elkarteen lanak eta biktimen elkarteek daukaten ikuspuntuetatik landutakoak baketzera hurbilduko gaituztela. Jarrera proaktiboarekin, banatzen gaituena alboratuz eta elkartzen gaituena aintzat hartuz, hau gainditu daitekeela sinetsita, lortuko dugu benetan baketzea. Bestearen sufrimendua ikusten ez badugu, ez dugu lortuko indarkeriak Euskadin eragin duen gizarte arrakala gainditzerik.

Oraintxebertan lau guardia zibil kondenatu dituzte torturengatik…

Bide judizialak erabiltzen direnean, epaiak daudenean, epaia bete behar duzu, eta balorazioa egin pertsonak atxilotzen direnean aurrera eramaten diren prozeduren gainean. Baina niri sinesgarritasuna auzitegiek ematen didate, eta auzitegiek erakusten didate funtzionatzen dutela. Justifika nitzake torturak? Sekula ere ez. Estatuaren portaera deliktiboak justifikatzen badituzu, zuzenean edo zeharka, pasibotasunez edo inefikaziaz, ezingo duzu indarkeria deslegitimatu. Orain, nik sinesgarritasuna emateko, zuzenbide estatuaren bidetik joan behar dela uste dut: salatu, frogatu eta epaia lortu.

Oso zaila da, ordea, torturak frogatzea.

Onartzen dut, zaila da frogatzea, baina zaila da sinesgarritasuna ematea, gero Zutabe edo agiriren batean irakurtzen baduzu atxilotutako gazteei torturak salatzeko gomendioak ematen dizkietela torturak jaso ez badituzte ere… Horrek ez du esan nahi sinesgarritasuna ukatu behar zaiela, segurtasun indarrei errugabetasun presuntzioa ukatu behar ez zaien bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.