ZIBERSEGURTASUNA

Bi zibersegurtasun zentro zabalduko dituzte Araban eta Gipuzkoan

Euskadiko Zibersegurtasun Zentroa Miñaon zabalduko dute, eta gaur aurkeztu du Jaurlaritzak. Diputazioak zibersegurtasunari buruzko beste zentro bat jarriko du martxan.

Tapia eta Beltran de Heredia, Miñaoko zentroaren aurkezpenean. IREKIA
2017ko ekainaren 15a
08:32
Entzun

Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegituretako sailburuak eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak aurkeztu du zentroa. Irailetik aurrera hasiko da lanean, eta zibererasoak atzeman eta saihestea izango da bere zeregina.

Sei langile ariko dira beharrean, eta 1,5 milioi euroko aurrekontua izango du urtero. Sailburuen esanetan, "zibersegurtasunaren 112" gisa funtzionatuko du.

Gipuzkoako Foru Aldundia haserre azaldu da zentroa Miñaon egongo delako. Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuak azaldu du Gipuzkoan "aspaldi" ari zirela lanean gisa horretako proiektu batean, eta uste du herrialde horretan behar zuela zentroak.

Hori horrela, Ainhoa Aizpuru Gipuzkoako Ekonomia, Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako diputatuak azaldu du beste zibersegurtasun zentro bat zabalduko dutela Gipuzkoan, biak "bateragarriak" direlakoan: "Hilabeteak daramatzagu proiektu honetan lanean, eta gure zentroak bokazio industrial garbi bat izango du. Gure enpresa gipuzkoarrak aitzindariak izan dira zibesegurtasunean, eta 4.0 mundu horretan zerbitzuak eskainiko ditu zentro berriak". Aizpururen hitzetan, "misio bikoitza izango du: batetik, gure enpresa txiki eta ertainei babesa ematea eta laguntzea, eta, bestetik, desafio berri honen aurrean gure industriak beharko duen talentua sortu, eta formakuntza berezia ematea alor horretan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.