Ipar Euskal Herriaren lurraldetasuna ez du kontuan hartzen Frantziako Gobernuak aurkeztu kantonamenduen berrantolaketak. Hain zuzen, Amikuze eta Iholdi-Oztibarre euskal kantonamenduak Biarnoko Nabarrengose eta Salbaterra Bearnori lotuko lituzkete. Georges Labazee Kontseilu Nagusiko presidenteak (PS) zehaztu duenez, Frantziako Barne Ministerioaren "nahia" da kantonamendu horren sorrera.
Auzapezen Biltzarrak proposamena gaitzetsi eta Ipar Euskal Herriaren lurraldetasuna errespetatzea eskatu du. Hautetsi andana batek ere dute kexua adierazi. Jean-Jacques Lasserre senatari zentristak dio "lurraldetasunaren ukatze hori ezin onartua eta eskandalagarria" dela. Max Brisson UMPko kontseilariak ere ez du bat egin, eta dio kalkulu elektoral batzuei lotua dela. Noski, hautetsi abertzaleak ere haserre dira.
Berrantolaketa hori 2013. urteko maiatzaren 17ko legearen ondorioa da. Hain zuzen, kontseilari nagusiak desagertu eta departamenduko kontseilariak sortuko ditu, eta horien bozketarako eremua moldatu beharra dute. Kantonamenduen mapaz eztabaidatuko dute Kontseilu Nagusiaren bileran azaroaren 15ean.