Departamenduko bozak

Biarnorekiko oreka hobea aldarrikatzen

Hendaiako kantonamenduko sei hautagaiek martxoko departamenduko bozak izan dituzte mintzagai Urruñan. Ipar Euskal Herriko euskal hedabideek antolatu bigarren hitzordua izan dute.

Nora Arbelbide Lete.
2015eko martxoaren 10a
13:12
Entzun

Biarnoari Ipar Euskal Herriari baino gehiago ematen zaiola, ideia hori doi bat nagusitu zen bardako eztabaida publikoan. Urruña, Biriatu eta Hendaiak osatzen duten Hendaiako kantonamenduari begira, Pirinio Atlantikoetako departamenduan zer egiten ahalko duten azaltzen aritu ziren barda Urruñan. Martxoaren 22an eta 29an eginen diren departamenduko bozei begira euskal hedabideek antolatu bigarren eztabaida publikoa izan zen atzokoa, hauteskundeetako kanpaina ofizialki hasi zela atzo bertan. Maddi Ane Txoperena Iribarren eta Pantxika Maitia aritu ziren aurkezpen eta moderatzaile lanetan.

Aitzineko bozei konparatzen bada, aldaketa handirik ez du Hendaiako kantonamenduak. Ez bada Ziburu hiria ez duela gehiago bere bozka eremuan aldi honetan. 27.000 biztanle inguru ditu eremu berriak. Hazkunde handikoa, hori bai. Azken bost urte hauetan %13 hazi da. Horien artean, 20 urtez petik, %21 dira. 2008tik Hendaiako auzapez sozialista Kotte Ezenarro da kontseilari nagusia. Kontseilu nagusiko presidenteorde ere bada. Eta berriz aurkezten da. Barda Urruñako mahai inguruan zegoen, preseski. Kantonamenduan aurkeztu den bikote bakoitzeko ordezkari batek hartu zuen parte eztabaidan. Ezenarroren ondoan, eskuineko independente gisa, Battitt Salaberri aritu zen; Ezkerreko Frontearen ordezkari, Dominique Mele. EAJtik, Jean Telletxea, eta EHBaitik, Pantxo Tellier. UMPtik, UDIren sostenguarekin, Sandrine Urtxuegia. Mintzatzera hurbildu zirenen artean emazte bakarra zela, txaloak jo zizkion publikoak. Hitza neurtua zutela hautagaiek, gutxi hitz egiten zuela eta, hitza hartzeko lasai gomendatu zioten aurkezleek. Eta horrek aitortu zuen ez zela usatua, baina, bide batez, azpimarratu zuen emazte bakarra zela hor, eta tenorea zela «buru berriei tokia egiteko».

GIZARTE ARLOA
Gizarte saila da departamenduko eskumenik handiena. Frantziako lurralde antolaketa berriko legearen hirugarren atala gaur arratsaldean dutela bozkatzekoa diputatuek, itxura guztien arabera, indartsu segituko du arloak gainera, lege aldaketatik landa ere bai. Eta barda gai hau zuten bereziki jorratu. Dela adinetako jende eta elbarrien autonomiari lotu laguntzak, gazte langabeenak, haurren zaintzerakoak, famili kutxarenak edo beste, denek ukan zuten nondik tira. Zaharrekin zer egin izan zuten lehen galdera. Eta horretan hasi ziren Biarnoaren eta Ipar Euskal Herriaren arteko desorekak aipatzen. Pantxoa Tellierek adibidez, zerbitzu anitzez gehiago badela Biarnoan Ipar Euskal Herrian baino, eta partikularki eskas direla bere eremuan: «Kezkatzekoa bada. Gehiago egin beharko litzateke». Urtxuegik ere bien arteko aurrekontuak «orekatu» beharra aipatu zuen, eta ideia berarekin mintzatu zen Telletxea.

Zaharren ondoan, Salaberrik gazteria izan zuen gogoan. Alde horretatik ere egiturek ez dutela behar bezala erantzuten: «Lana atzematen badute ere, gero bizilekua atzemateko» zailtasun handiak dituztela. «Prestakuntzan ere bai. Gazteria bazterrean egoten da mundu honetan. Horretan behar dugu gehiago lagundu».

Enpleguaren gaia azpimarratu zuen Telletxeak. «Txeke bat ematen zaie prekarietatean direnei, baina hortik ateratzeko ez ditugu laguntzen». Mugikortasun arazoak badituztela ere azpimarratua izan zen. Meleren proposamen nagusia prebentzioa lantzea izan zen, karrikako hezitzaileekin eta ikastetxeetako medikuekin. Ezenarrok, oro har, orain arte departamendu mailan egin lana justifikatu eta goraipatu zuen. Anitz inbertitu dutela zergak emendatu gabe. Biarnoaren eta Ipar Euskal Herriaren artean desorekak ez ditu gaineratekoek bezala ikusten. Lehentasuna baserrigunea ez baztertzea zutela, eta alde horretatik «parekotasun batean ehundu» dutela lurraldea. Bi hitzez, departamenduko politikaren lehentasuna «ahulenak laguntzea» izan dela laburbildu zuen: «Eta politika hori defendatzen segituko dut».

EKONOMIA
Lanari buruz zein eskaintza zuten galdetu zieten hautagaiei. Nahiz eta garapen ekonomikoaren eskumena departamendutik desagertuko den segur aski, argi utzi zuten denek halere badela saihesbideetatik zer egin. Ezenarrok gogorarazi zuen hamahiru milioi euroren laguntza ematen duela departamenduak. Manatze publikoaren hornitzaile dela. Laborari gazteak instalatzen laguntzen ere dutela. Laguntza ekonomikoei begira kontrol handiagoa eskatu zuen, hain zuzen, Melek.

LURRALDE ERREFORMA
Prefetak Ipar Euskal Herriko herri guztiak herri elkargo bakarrean biltzeko proposamena egin zuela ekainean, Tellierek horren alde egiteko beharraz mintzatu zen. «Herri Elkargo azkar baten alde lan eginen dugu, Kontseilu Nagusian ere, lehen egunetik».

Mele ez zela herri elkargo bakar baten alde azaldu zuen. Landetako «Seinautzeri begira da kostaldea, eta Zuberoa, Biarnoari». Eta herri elkargo bakarrak, berriz, «herriei boterea kenduko diela» deritzo. Orain arte bezala segitzea hobesten duela gaineratu zuen.

MUGAZ GAINDIKOAZ
Mugaz gaindiko harremana euskarari lotu zuten automatikoki hautagai gehienek. Euskararen garapenerako mugaz gaindiko sare bat landu beharra aipatu zuen Urtxuegiak. Euskara harremanen euskarri ikusten zuen Tellierek. Salaberrik gogorarazi zuen Euro hiriaren bulegoak Hendaian direla, baina damutu «diskurtso anitz baina gauza guti» egiten dela. Ezenarrok, berriz, hainbat gauza egin direla. Euskarari begira, Seaskak kudeatzen duen Xalbador kolegioari bi milioitik gora eman dela azpimarratu zuen. Eta hor ere Telletxeak gogorarazi zuen Biarnoko kolegio bati hogei milioi zizkiotela eman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.