Urteak ez dira alferrik joan, eta jarrera politikoak ez dira lehengoak. Ezta ezker abertzalearenak ere. Duela hamar edota hogei urte mahai gainean jarri izan zituen proposamenen oso bestelakoak ditu orain mahai gainean, azken helburua lehengoa duen arren: Euskal Herri burujabea. Gatazkaren konponbidearen ildoari dagokionez, bide luzea egin du ezker abertzaleak KAS alternatibaren garaitik Anoetako proposamenaren arora, Alternatiba Demokratikotik barrena. ETAk indarrean jarritako su-eten iraunkorrarekin biribildu egin du ezker abertzaleak 2004ko azaroan Anoetan Batasunak abiatutako bidea.
Egoera politikoa arras aldatu delako dago orain gertuago konponbidea, gatazka politikoari aterabidea emateko bidea elkarrizketa dela oro har onartua dagoelako batik bat, baina egoera orokorrak ez ezik, ezker abertzalearen bilakaera estrategikoak ere badu zerikusirik, irtenbiderako prozesua orain abiatzea posibleago izateko.Helburuak lehengoak dira, baina baldintzak, bake prozesua abiatu ahal izateko baldintzak, ez. Gatazkaren konponbiderako ETAk eta Batasunak proposatu izan dituzten hiru agiri estrategikoetan nabarmena da aldea: KAS alternatiba ETAk borroka armatua uzteko Espainiako Gobernuak bete beharko zituzkeen gutxieneko baldintzen zerrenda zen, Alternatiba Demokratikoak konponbiderako metodoa proposatzen zuen baina normalizazio prozesua abiatu aurretik lortu beharreko baldintza politiko garrantzitsuak ezartzen zituen,eta Anoetako proposamenak, aldiz, metodoa proposatzen du eta abiapuntuan baldintzarik ez du jartzen, konpromiso batzuk hartzeko proposamena egiten badu ere.
Bete beharreko baldintzak
KAS alternatiba hitzez hitz hartuta, besteak beste amnistia orokorra, Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren kanporatzea, eta Euskal Herriaren subiranotasun nazionala (Autonomia Estatutuan jasoa) derrigorrez bete beharreko baldintza ziren, ETAk borroka armatua uzteko.
Gernikako Estatutuaren eta Foru Hobekuntzaren aurretik idatzitako baldintza zerrenda da KAS alternatiba. Sorrerako testua, zazpi puntukoa, KAS erakundeak idatzi zuen 1976an, eta ezker abertzaleko gainerako indarrek bat egin zuten, besteak beste ETA(m) eta ETA(pm) erakundeek. Denborarekin, 1978ko hasierako agiri batean bost puntutara egokitu zuenetik batik bat, ETA militarraren proposamena bihurtu zen, eta HBk bere egin zuen.KAS alternatiba autonomia estatutuak baino lehenagokoa izan arren, autonomiaren lehen hamabost urteetan ere ETAren proposamen taktikoa izaten jarraitu zuen. Eskaeretako batzuk denboraren joanarekin zaharkitu egin baziren ere, baldintza gehienen oinarrian subiranotasun aitortzaren exijentzia zegoenez, 1996ra arte indarrean eduki zuen proposamena ezker abertzaleak. Aljerko Mahaian (1989), esate batera, ez ziren eduki politikoez negoziatzera heldu, aurreko fasean hautsi baitziren elkarrizketak, baina negoziazioa izatekotan, «KAS alternatibaren aplikazio erritmoei buruzkoa» izatea nahi zuen ETAk, orduko agirietan adierazi zuenez.ETAk Alternatiba Demokratikoa plazaratu baino urtebete lehenago adierazi zuen HBk, Oldartzen txosten politikoan (1995), KAS alternatiba indarrean zegoela, «lorgarria» zela, baina gaurkotu beharra zegoela, nahiz eta «gaurkotzea ez den edukiak epeltzea». Baina konponbiderako ildoa, estrategia orokorra bezala, aldatzera zihoala iragartzen zuen txosten hark: autokritika zorrotz samarrean, ETArekiko menpekotasuna handiegia izan zela eta negoziazioa «arazo guztien konponbidea» zela pentsatzea akatsak izan zirela aitortu zuen HBk Oldartzen txostenean.
Bi negoziazio gune
Alternatiba Demokratikoak goitik behera aldatu zuen ETAren konponbiderako ildo estrategikoa, ia hogei urtez Estatuaren eta ETAren arteko negoziazioa eta KAS alternatibaren betetzea oinarri izan zituen ildoa. Alternatiba Demokratikoa 1995eko apirilaren 20an aurkeztu zuen ETAk, «KAS alternatibaren gaurkotzea» zela azalduz, Jose Maria Aznarren aurkako atentatua bere gain hartu zuen agiri berean. Alternatiba Demokratikoa ez zen, aurrekoa bezala, bete beharreko baldintzen zerrenda hutsa. Jartzen zituen baldintzak, baina konponbiderako metodo proposamena zen, bi negoziazio guneren eskemarekin.
Bi negoziazio gune proposatzen zituen, baina ez aldi berean. Aurrena, ETAk eta Estatu Espainiarrak «autodeterminazio eskubidea eta lurralde batasuna», «Euskal Herriko prozesu demokratikoaren emaitzak errespetatzea» eta «amnistia orokorra» hitzartu behar zituzten; Espainiako Estatuak «berarekin hitzartu beharrekoak» onartu eta gero emango zuen ETAk su-etena, eta ondoren hasiko zen Euskal Herrian «inongo mugarik gabeko prozesu demokratikoa» alderdi, sindikatu eta bestelako eragileen artean; prozesu horretan, autodeterminazio eskubidearen garapenari eta lurralde batasunaren formulazioari buruz ez ezik euskalduntze plangintzaz, eredu eta plangintza sozioekonomikoaz edota Euskal herriaren desmilitarizazioari buruzko hitzarmena lortuko zen.Herri galdeketa berariaz ez zuen aipatzen ETAren agiriak, baina bai herriari hitza ematea: «azken erabakia» euskal gizarteari dagokiola zioen. Geroztik, ezker abertzalearentzat horixe izan da gatazkaren konponbiderako giltza: hitza eta erabakia. Dena den, aurretik ere, Aljerko Mahaiaren garaian, negoziazioan ezer hitzartuz gero azken hitza herriarena izango zela adierazia zuen ETAk.
Konpromisoak
Anoetako proposamenak, Alternatiba Demokratikoak bezala, bi negoziazio gune proposatzen ditu, baina aldeak handiak dira. Alderik nabarmenena metodoari buruz gainerako eragileen adostasuna biltzea ahalbidetu duena, ETAren eta estatuen arteko negoziazioa desmilitarizazioaren, preso eta iheslarien eta biktimen alorrera mugatzea izan da.
Gainera, Alternatiba Demokratikoko baldintzak desagertu egin dira. Estatuei ez die eskatzen prozesua abiatu aurretik autodeterminazio eskubidea eta lurralde batasuna, edo lurraldetasuna, onartzea. Konponbidea autodeterminazio eskubidea onartuz baino ezin dela lortu dio Anoetako proposamenak, eta konponbiderako ezinbestekoa dela euskal herritarren hitza eta erabakia errespetatzea, baina ezinbestekotasun horiek ez dira jartzen bake prozesua abiatu aurreko baldintzatzat, eraiki beharreko jokaleku berriko oinarritzat baizik. «Bakea eraikitzeak prozesu oso bat, globala eta alde anitzekoa, martxan jartzea eskatzen du» eta prozesu horrek ahalbidetuko du «euskal herritar guztien eskubide ororen errespetuan oinarritutako eszenatokia», eta ez alderantziz.Baina bada beste alderik. Esate baterako, Espainiako Estatuari bakarrik zuzendu beharrean, Espainiakoari ez ezik Frantziakoari ere zuzentzen zaiola Anoetako proposamena; izan ere, konponbiderako estrategia osoa bi estatuei begirakoa da orain, gaur egungo egoeran negoziazioa Espainiako Gobernuarekin askoz ere bideragarriagoa dela jakin arren.Esanguratsua da, bestetik, proposamenaren egilea aldatu egin dela: Alternatiba Demokratikoa ETA erakundeak plazaratu zuen eta Batasunak bere egin zuen gero. Anoetakoarekin alderantziz izan da.
Lurraldetasuna
Lurraldetasunaren arloan azkenaldian izandako bilakaera argiago ikusten da beste agiri politiko batzuetan, konponbideari buruzko proposamen estrategikoetan baino. Lizarra-Garazi Itunaren garaian EAJrekin eta EArekin izan zituen elkarrizketetan, Euskal Herriko hautes eremu bakarrean erakunde konstituziogile bakarra eratzea proposatu zuen ETAk, su-etenaren bukaerako agirian azaldu zuenez. Anoetako proposamenean jada aurreratu zuen, Euskal Herriko eragileen artean hitzartu beharrekoa zehazterakoan, «Euskal Herriaren gaur egungo egoeratik abiatuta» egingo zela.
Batasunak oraindik ez du aurkeztu Euskal Herria Ezkerretik Eraikitzen proposamena BECeko ekitaldi debekatuan plazaratu behar zuen, baina dokumentu horren jatorrian dagoen Bide Eginez eztabaidarako zirriborroan Anoetako proposamenean aipatutako ildoan sakontzen zuen: funtsean, marko politiko berrirako trantsizioa gaur egungo hiru barruti administratibo politikoetatik abiatzea onesten zuen Batasunak. ETAk asteartean plazaratutako adierazpenean, konponbiderako akordio politikoak Euskal Herria osotasunean «kontuan hartzea» eskatu zuen.
Bidaia luzea
KAS alternatibatik Anoetako proposamenera, aldaketa sakona egin du ezker abertzaleak konponbideari buruzko estrategian; ETAren su-etenak bultzada erabakigarria eman dio ildo berriari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu