Bidaia gehienak (%60) trenez egin ziren. Autobusa bidaiarien heren batek hartu zuen (%35). Gainerako garraioetan Bizkaiko Zubia, funikularrak edo igogailuak, esaterako erabilera %5ekoa izan zen. Iaz 106 milioi bidaiarik baino gehiagok erabili zuten trenbidea.Bizkaitar gehienak Bilbon edo itsasadarraren bazter bietan bizi direnez, hango operadoreak izan ziren gehien erabili zirenak: Metroa (73 milioi bidaiari), eta gero Renfe, EuskoTren, Feve eta tranbia. Renferen eta EuskoTrenen erabiltzaile kopuruak nabarmenegin zuen behera. %11,8 eta %8,2 jaitsi ziren, hurrenez hurren.Tranbiaren erabilera, aldiz,asko hazi zen: 2.191.696 bidaiarik erabili zuten iaz, aurreko urtean baino %92k gehiagok. Eusko Jaurlaritzaren Garraio Sailak egunotan ezagutaraziko du trenbidea Basurtotik Errekalde auzora eramateko proiektua. Asmoa dute etorkizunean Zabalburu eta San Frantziskotik barrena ibilbidea biribiltzea.Autobusa erabili zuten erabiltzaileak %2,2 hazi ziren joan den urtean, aurreko urteko joerari eutsiz. Bilbo barruko autobusak %6 gehiago erabili ziren, eta Bizkaibusa %0,4 gutxiago.Operadore horiek guztiak Bizkaiko Garraio Partzuergoak koordinatzen ditu. Bakoitzak bere nortasunari eusten badio ere, egitura horretan hartzen dituzte guztiengan eragina izango duten erabaki nagusiak.
Autobus operadore bi daude martxan
Bi dira autobus operadoreak. Foru Aldundiko Bizkaibus zerbitzua bata, iaz 37 milioi bidaiarik erabili zutena. Sareak hiriburua du abiapuntutzat eta harekin lotzen ditu lurralde osoko eskualdeak. Sarea lineen berregituraketa egiten ari da une honetan, batez ere itsasadarraren eskuma eta ezkerraldeko ibilbideetan, metroaren eraginak bultzatuta.
Bilboko hiri barruko autobusak, Bilbobus, hiriburuko auzoak lotzen ditu hirigunearekin. Iaz, 25 milioi eta erdi bidaiarik erabili zituzten autobusok. Metroak hiri barruan egiten ziren bidaiak gutxitzea ekarri bazuen ere, bidaiari gehiago izan dituzte asteburuetako gaueko zerbitzuei (Gautxori) eta auzoetarako lineei esker. Sare barruko linea guztien artean autobus aldaketak doakoak dira orain.Trenbide sareari dagokionez, Metro Bilbao da gaur egun garrantzitsuena. Linea bi ditu gaur egun: Bilbotik kanpotik, Etxebarritik, itsasadarraren eskumako bazterra egiten duena, Plentziaraino, eta ezkerrekoa osatzen dabilena, oraingoz Sestaoraino. Asmoa da datorren urterako Portugaleteraino heltzea eta 2016 urtean Santurtzirainoko ibilbidea osatzea.Beste muturrean, duela gutxi Etxebarriraino luzatu duten ibilbidea Basauriraino eramango dute, eta hirugarren linea bat marraztu dute dagoeneko, Zazpikaleetako geltokia Etxebarrirekin lotuko duena, baina gainetik. Sare horretan joango bada ere Uribarri eta Otxarkoaga auzoak erdigunearekin lotuko dituen trena, tranbia izango da metroa baino gehiago.
Trenbide osagarriak
Renferi dagokionez, aldiriko sareak Itsasadarraren ezkerraldea egiten du, batetik, Santurtziraino, eta Muskizera artekoa, bestetik, Enkarterrietan. Metroak ez diela kalterik egingo uste dute, biak osagarri direlako. Horrez gainera, badu beste ibilbidea, Bilbo Urduñarekin lotzen duena.
Sare nagusien artean, Euskotrenek hiru linea ditu: Deustutik Lezamara artekoa, Atxuritik Zaldibarreraino egiten duena, Donostiarako bidean, eta ibilbide horretan Zornotzatik Bermeora desbideratzen dena.Fevek, azkenik, Bilbo eta Karrantza lotzen ditu, Espainiarako bidea egiten duen trenbidean. Badu, gainera, desbideraketa Balmasedaraino.
Horiez gainera, Bizkaian badira txikiak izanik ere eragin handia duten garraiobideak, aski ezagunak: Bizkaiko Zubia, Portugalete eta Getxo lotzen duena; Artxandako funikularra, Salbe, Solokoetxe, Begoña eta Arangoitiko igogailuak, Bilbon; eta Portugaletetik Areetara doazen bidaiari-baporeak. Horiek guztiek osatzen dute Bizkaiko garraio publikoaren sarea.
-
CREDITRANS
Txartel bakarra, ia garraioguztietan
Creditrans izenekoa operadore guztientzako txartel bakarra dela esaten badute ere, izatez diru-zorro moduko bat da eta garraio sistemako operadore gehienetan bono-prezioan bidaiatzeko aukera ematen du. EuskotrenekoTxorierriko linea apirilean sartu zenetik, handitu egin da creditrans onartzen dutenen kopurua. Ordura arte metroan, Bilbobusen, Bizkaibusen, Salbeko igogailuan, Artxandako funikularrean, Loiurako autobusetan eta Bilboko tranbian bidaia ordaintzeko balio zuen. Bidaiak egin ahala, txartelaren saldoak behera egiten du amaitzen den arte. Gainera, pertsona batek baino gehiagok bidaia dezake Creditrans txartelaren titulu berarekin. Erabiltzaileak operadore batetik bestera segituan egiten badu, bigarren bidaia %20 merkeago aterako zaio. Creditrans txartela garraiobide bakoitzaren ohiko saltokietan bakarrik ez dute saltzen. Beste zenbait lekutan ere eros daiteke: prentsa kioskoetan, tabako dendetan, ONCEko saltokietan eta BBKren Teleka sarean, esate baterako.Creditrans txartela 5, 10 eta 15 eurotan saltzen da, erabiltzaileak dituen premien arabera diruz horni dezan.