Bidarten (Lapurdi) 20 urteko gazte baten bila ari dira, lagunekin itsasoan bainu bat hartzen ari zela itsaslaster bortitz batek barrura eraman ostean. Istripua atzo arratsaldean gertatu zen. Sorosleak gaztea laguntzeko asmoz bertaratu ziren, baina ez zuten aurkitu. Eremu baimendutik kanpo zeuden gazteak.
Gauean, bertan behera utzi dituzte bilaketa lanak, eta goiz-goizetik berriro ekin diote, larrialdi zerbitzuen eta helikoptero baten laguntzaz.