Ciudad Realen kontrako Txapeldunen Ligako finala galdu arren, bigarren postua ospatzeko harrera egin zien Iruñeko Udalak atzo Portland San Antonioko kideei herriko etxean. Mateo Garraldak, gainera, omenaldia jaso zuen. Hurrengo denboraldian Ademar Leonekin ariko da Portlandeko kapitaina. Iruñean egin duen ibilbidea eskertzeko, erloju bat oparitu dio Udalak jokalariari.
Ekitaldian Portlandeko presidente Jose Ignacio San Miguelek hartu zuen hitza, eta harro mintzatu zen bere jokalariei buruz, «dena eman dutelako». Gauza bakarra eskatu zien: «Oraindik gauza asko dago jokoan, eutsi goiari».
Portlandeko atezain eta Bidasoako jokalari ohi Tomas Svenssonek ederki laburbildu du gaurko derbiaren aurreko egoera: «Irabazi besterik ezin dugu egin. Asobal Ligan ditugun aukera apurrak baliatu ahal izateko, eta Txapeldunen Ligako porrota lehenbailehen ahazteko. Konfiantza berreskuratzen lagunduko digu garaipen batek, zalantzarik gabe». Ez da unerik onena, dena den, Portlandentzat. Iruñean erraz nagusitu ziren nafarrak, baina badakite Artaleku ez dela batere pista erosoa. Eskuineko alboan, gainera, arazoak pilatu egin zaizkio Francisco Javier Ekisoain 'Zupo' Portaldenko entrenatzaileari.
Garraldak agur erran zion duela hainbat aste denboraldiari, eta, atzo, Alberto Martini egin zioten erresonantzia magnetikoak baieztatu zuen zuntzen haustura baduela. Gutxienez hiru aste egon beharko du jokatu gabe.Gurbindo, halaber, min hartuta dago. Ondorioz, tokiz aldatu beharko du beste jokalari bat Ekisoainek eskuineko alboa betetzeko.
Bidasoak ez dio Portlandi bere irudia zuritzen lagundu nahi. Irundarrek garaipena besterik ez dute buruan, Europarako sailkatu nahi dutelako. Hamar egun izan dituzte partida ondo prestatzeko.
Eskubaloia
Bidasoa-Portland derbia gaur Artalekun
Arratsaldeko 20:00etan dute gaur zita Bidasoako eta Portlandeko jokalariek. Ciudad Realen kontrako Txapeldunen Ligako finala galdu eta gero gaur bertan, Asobal Ligara itzuliko da Portland, eta ez du batere partida erraza izango. Bidasoaren kontra derbia jokatuko dute nafarrek Artalekun, jokoan asko dagoelako jakitun. Irundarrek Europarako sailkatu nahi dute, eta iruindarrek, Txapeldunen Ligako kolpea ahaztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu