EAEko Hauteskunde Batzordeak ez zituen Batasunaren lege ordezkariak onartu, alderdienerregistroan Batasuna ez dela ageri arrazoituz. Gaur, erabaki hori espero zutela onartu du Batasuneko bozeramaile Arnaldo Otegik, baina horrek ez diola "larritasun politikoa" kentzen azpimarratu du. Hain zuzen ere, "hauteskundeak antidemokratikoak" izango direla azaltzen du horrek Batasunaren iritzian, eta beraz, hortik sortuko den Legebiltzarra ere "antidemokratikoa" izango dela, ez baitu "euskal herritarrek bozkatutako islatuko". Guzti horrek zera frogatzen du Otegiren iritzian, "Espainiako Gobernuak ez duela nahiko heldutasun gatazka gainditzeko".
Egoera honen aurrean, "errazena" zera litzateke Otegiren ustez: "demokraziarik ez dagoen herri batean borroka molde guztiak zilegi direla esatea". Baina hala ere, "egoera muturrekoa izanagatik", beraiek bide politikoen aldeko aukera garbia egiten dutela berretsi du, eta bakea lortzeko akordio politiko baten aldeko "apologia" egiten jarraituko dutela. Hauteskundeetara ezin direla aurkeztu, zuzendaritza osoa auzipetuta dutela, buruzagitzaren zati handi bat kartzelaratua izan dela eta egoitzak itxi dizkietela, gogorarazi du.
Beraz, Batasunak kanpaina egiten jarraituko duela esan du, eta "guztion artean adostutako konponbide" baten aldeko boza eskatuko dutela aurreratu. Hau ez dela siglen arteko leia egiteko garaia dio Otegik, eta beraiek, Anoetan egin zuten Orain herria, Orain bakea ekarpena zabalduko dutela esan du. Horregaitik, Batasunak "oztopo guztien gainetik" lanean jarraituko duela dio.
Konponbide horren bidean bi eskari ere egin ditu Otegik. Alde batetik, Espainiako Gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapaterori zuzendu zaio, eta Batasuna "ezinbesteko" mintzakide gisa hartzeko eskatu dio. Gainera Euskal Herriko gatazka gainditzeko nahia eta "eskuin muturrarekin elkarlanean jarraitzea" ez direla bateragarriak esan dio.
Jaurlaritzako Lehendakari Juan Jose Ibarretxeri zuzendu zaio gero, eta esan dio, orain duela aukera, behin baino gehiagotan esan duenez bezala, "Euskadi ez dela Espainiaren menpeko zati bat" frogatzeko. Horretarako, euskal gizartearen nahia errespetatzeko eskatu dio, eta esan dio, badaudela moduak ezker abertzalea hauteskundeetan egotea bermatzeko.
EAEko hauteskundeak
Bide demokratikoen aldeko apustua berretsi du Batasunak, eta kanpaina egiten jarraituko duela dio
Batasuneko bozeramaile Arnaldo Otegik agertu duenez, bakea lortzeko akordio politiko baten aldeko "apologia" egiteko baliatuko dute EAEko hauteskunde kanpaina. Otegiren iritziz, "muturreko egoeran" daukate ezker abertzalea, eta nabarmendu du, horren ondorioz eurentzako oso erraza litzatekeela "borroka molde guztiak zilegi" direla esatea. Baina, hala ere, Anoetako Proposamenari eutsi eta kanpaina ekarpen horren inguruan ardaztuko dutela azaldu du. EAEko Hauteskunde Batzordeak bozetan parte hartzea debekatzeak ez dituela ezustean harrapatu adierazi du Batasuneko buruzagiak, baina horrek ez diola larritasunik kentzen erabakiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu