Hilaren hasieran, Uribetxebarriak gose greba hasi zuen ospitaleko ziegan, bere "muturreko egoera" salatzeko. Azkenerako, bi asteko protestari amaiera eman zion iragan astean, "bizitza lehenetsita"; medikuen esanetan, bere egoera oso ahula zelako.
Espetxeetako Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiak hirugarren gradua ezarri zion presoari, hilaren 17an; baldintzapean aske geratu aurreko pausoa. Presoaren gaixotasun larri eta sendaezinak haren bizia arriskuan jartzen duela argudiatu zuen Espetxeetako Zuzendaritzak.
Protesta ugari azken egunetan presoarekin elkartasunez
Espainiako eta Frantziako estatuetako kartzeletako presoek hainbat borrokaldi egin dituzte azkeneko asteetan Uribetxeberriaren eta gainontzeko hamahiru presoen askatasuna galdegiteko eta hainbat eragile kultural, politiko eta sozial atera dira kalera preso gaixoen eskubideen alde.
Donostian, jendetza bildu zen abuztuaren 12an salbuespen neurriak amaitzeko eskatzeko Herrira mugimenduak egindako manifestazioan. Azkeneko asteburuetan elkarretaratzeak eta baraualdiak Euskal Herriko txoko guztietara hedatu dira.
Manifestazioa, bihar
Preso gaixoekiko elkartasun keinuek ez dute amaierarik. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzte 13 preso daude oraindik Frantziako eta Espainiako estatuetan barreiatuta. Horregatik, hainbat pertsona ezagunek manifestazioa deitu dute larunbaterako, Gaixo dauden presoen giza eskubideen alde lelopean.
Donostiako Antigua auzoko tuneletik abiatuko da manifestazioa, 17:30ean. "Hamalauak etxeratu eta espetxe politika hau eta debekuak amaitu beharra dago" adierazi du Andoni Egaña bertsolariak; deitzaileen izenean.