Ikasturte berria abiatzeko prestakuntza saioa egiten ari dira Gure Esku Dago-ko kideak. 150 lagun inguru bilduta daude Eibarren, eta galdeketen inguruko formazio teoriko eta praktikoa jasotzeaz gain, 2018a jomugan jarriz bide orria eta helburuak zehazten ari dira. Arrakastatsuak izaten ari dira prestakuntza saioak. Izen emateek "gainezka" egin dutela diote Gure Esku Dago-koek, eta uste dute horrek gauza bat erakusten duela: "Argi eta garbi ikusi dugu herritarrok prestatu egin nahi dugula erabakitzeko".
Gogora ekarri dute, hain justu, arazoaren 27an Diman eta Bakaikun herri galdeketak egingo dituztela, eta datorren urtean 100 herritan baino gehiagotan egingo dituztela. Horiek antolatzen laguntzeko ari dira prestakuntza saioak egiten.
Horrekin batera, abian jarri dute hilabete inguru iraungo duen gogoeta bat. 2018a jomugan, Gure Esku Dago-ren bide orria eta helburuak zehaztu nahi dituzte, iaz aurkeztutako Eskura dokumentua abiapuntu hartuta. Abenduan aurkeztuko dituzte gogoeta horren ondorioak.