Gasteizko Bideberria zentroak gehienez ere 30 pertsona hartzeko gaitasuna du. Hala ere, zentroak laguntzarik gabeko 57 adin txikiko hartzen ditu gaur egun, ELA sindikatuak salatu duenez. Langileek egoeraz ohartarazi diete zentroko arduradunei, baina erantzunik jaso ez dutenez, fiskaltzara jotzea erabaki dute, egoera jasangaitza dela iritzita.
Fiskaltzan aurkeztu duten salaketa hainbat argazkirekin lagundu dute, adin txikikoen egoera zein den agertzeko. ELAk azaldu duenez, irudi horietan ikus daitezke adin txikikoak korridoreetan lotan, ohe faltarengatik; hainbat dutxa hondatuta eta pilatutako zikinkeria. Adin txikikoak duela urte bete baino gehiagotik daude pilatuta, sindikatuaren esanetan.
Arabako Foru Aldundiak erantzun du 15 plaza gehiago jarriko dituela laguntzarik gabeko adin txikikoentzako, Gasteizen, datorren astetik aurrera. Hala ere, zehaztu du plaza horiek ez direla Bideberria zentrokoen parekoak izango, Europako beste herrialderen bat helburu duten adin txikiko migratzaileei berehalako laguntza ematera mugatuko baitira. Helburua Araban gelditzea dutenen kasuan, Bideberria zentrora bideratuko dituztela jakinarazi du.
Zentroko langileek ohartarazi dute neurria ez dela nahikoa izango egoerari aurre egiteko, plaza berriekin soilik harrera eskainiko zaielako laguntzarik gabeko adin txikikoei.
Langileek salatu dute erakundeek harrera zentroen funtzio hezitzailea baztertu dutela. Ohartarazi dutenez, pilaketarekin geroz eta gehiego dira adin txikikoen eta hezitzaileen arteko elkarbizitza arazoak.